Enpresetan euskerea bultzatzeko Lanhitz deialdia zabalik

Bizkaie! 2022-09-02 08:25   Euskerea berbagai

Ez da beharrezkoa izango euskera plana martxan izatea laguntzinoa eskuratzeko.

Enpresetan eta lan ingurunean euskerearen erabilerea bultzatzeko, miloe bi euroko diru-laguntzinoa banatuko dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, 2022ko Lanhitz deialdiaren bidez. Euskerea lan hizkuntza bihurtzea da helburua.

Oinarriak hemen.

Irailaren 30era arteko epea dabe enpresek Lanhitz deialdira aurkezteko. 2022an egin edo egingo diran jarduerak lagunduko dira. Aurreko deialdietan pasau zanaren kontrara, oraingo honetan ez da beharrezkoa izango enpresa eskatzaileak euskera plana onartuta izatea. Lau ataletan banatuta dator 2022ko deialdia:

- Lehenengo moltsoa (150.000 euro): entidadean euskera planik izan barik euskerearen erabilerea edo presentzia sustatzeko jarduerak.

- Bigarren moltsoa (200.000 euro): entidadean euskerearen egoerearen diagnostikoa egin eta euskera plana diseinau, eta, nahi izan ezkero, abian jartea ekintza solteak eginez.

- Hirugarren moltsoa (1.100.000 euro): euskera plana eta urteko kudeaketa plana oinarri izanda, entidadean euskerearen erabilerea eta presentzia sustatzeko jarduerak.

- Laugarren moltsoa (550.000 euro): entidadeko euskera planak ibilbide luzea dauen kasuetan, edo euskerearen kudeaketan maila aurreratuan egonda, euskera planetik haratzagoko hizkuntza proiektu estrategikoak garatzea.

2021eko deialdian, 112 enpresari lagundu eutsen lan eremuan euskerearen erabilerea bultzatzen Lanhitz deialdiaren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu