Saison Quebec-Pays Basque programeak jarduera ugari daroaz Montrealera

Bizkaie! 2022-09-01 13:23   Kulturea

Egitasmoaren azken txanpea egingo dabe irailetik abendura.

Donostian aurkeztu dabe abendura arteko egitaraua (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriaren eta Quebecen arteko loturea kulturearen bidez indartzeko bitartekoa izan da Saison Quebec-Pays Basque egitasmoa azken urte biotan. Azken txanpea izango dau irailetik abendura artekoa, eta jardueraz bete-betea dator. Ekitaldiak Montrealen egingo ditue, Quebeceko uririk handienean.

Etxepare Euskal Institutuak Donostiako Tabakaleran egin dau hurrengo hileotako egitarauaren aurkezpena. Agerraldian izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Garbiñe Iztueta Euskerea Sustatu eta Hedatzeko Etxepareko zuzendaria, Thierry Malandain Malandain Ballet Biarritzeko zuzendaria eta programazinoan parte hartuko daben sortzaile batzuk.

Irailean bertan izango dau puntu gorenetako bat Saison Quebec-Pays Basque egitasmoak, Montrealen hiru ekitaldi esanguratsu egingo dira eta. Lehenik eta behin, hilaren 7tik 18ra, Festival Quartiers Danses jaialdia egingo dabe; 9an, ostera, Cinémathèque Québécoise filmategiagaz batera antolatutako euskal zinema zikloa hasiko da; azkenik Elbira Zipitria irakaslearen izena daroan euskal ikasketen katedra barriari ekingo deutse, McGill Unibersidadean.

Quartiers Danses jaialdia urtero egiten dabe Quebecen, 2001etik. Aurten, euskal jantzea izango da egitarauaren ardatza, Euskal Focus atalari esker. Bertan parte hartuko dabe bertoko lau konpainiak: Malandain Ballet Biarritz, Lasala, Osa + Mujika eta Larruak hain zuzen.

Jantzeagaz lotutako beste hitzordu batzuk be izango dira Quebecen. Soka erakusketan jantzearen transmisinoa ezagutu ahal izango dau Montrealgo publikoak. Ganera, Telmo Esnalen Dantza filma proiektauko dabe irailaren 9an.

Euskal zinema garaikidearen inguruko zikloan, alkarbizitzea, pakea eta euskal gatazkearen anitzak erakutsiko ditu Quebeceko Filmategiak genero ugaritako (komedia, drama, dokumentala) pelikulen bidez. La fuga de Segovia (Imanol Uribe, 1981), Yoyes (Elena Taberna, 2000), La pelota vasca (Julio Médem, 2003), Asier eta biok (Aitor Merino, Amaia Merino, 2013), Lasa eta Zabala (Pablo Malo, 2014), Negociador (Borja Cobeaga, 2014), eta Maixabel (Iciar Bollaín, 2021) ikusi ahal izango dira.

Elbira Zipitria euskal ikasketen katedra barria Etxepare Institutuaren ekimena da, munduan zehar dagozan halako beste ekimen ugariren pare. Euskal kulturea eta kultur barrikuntzea landuko ditue bertan eta Elbira Zipitriaren izena emon deutse euskerazko irakaskuntzearen aitzindarietako bat izan zalako.

Katedrearen inaugurazinoan Euskal Herritik joandako hiru adituk egingo dabe berba: Idoia Fernandezek (EHU) Elbira Zipitriaren ekarpena jorratuko dau; Miren Azkaratek (EHU) euskerearen hizkuntza politikearen erronkak izango ditu berbagai; eta Paulo Suberbiolak (Soziolinguistika Klusterra) Euskaraldiaz egingo dau berba.

Indartsu dator, beraz, iraila Montrealen. Ondoren be egongo dira jarduerak Saison Quebec-Pays Basque ekimenaren kontura. Itxaro Borda Trois Rivieres poesia jaialdian izango da urrian. Igor Calonge jantzariak egonaldia egingo dau Montrealgo Jantza Garaikideko Eskolan eta Kulunka Teatrok Cinars arte eszenikoen biurtekoan hartuko dau parte, zemendian.

Musikeari jagokonez, Xabi Aburruzagak hiru kontzertu emongo ditu Quebecen, eta Oreka TX-k beste bat. Sigma Project saxofoi laukoteko kideek berbaldiak eta kontzertuak emongo ditue Montrealgo Unibersidadean, urrian. Mikel Etxekopar eta Claudine Arhancet abeslariek egonaldi artistikoa egingo dabe.

Saison Quebec-Pays Basque programatik kanpo dagoan arren, aitatzekoa da Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Danele Sarriugarte Torontoko Festival of Authors jaialdian izango dirala, bertsolaritzearen inguruko aurkezpena egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu