Elkanoren lehorreratzearen 500. urteurrena gogoratuko dabe Getarian
2022-09-01 08:25 KultureaIrailaren 2tik 6ra, erakusketak, antzezpenak eta kontzertuak egongo dira.
Elkano Itsas Herria espedizino kulturala euskal kostaldean ibili da uda osoan, herririk herri, eta Getariara helduko da egunotan, era horretara, Juan Sebastian Elkanok eta haren marinelek munduari buelta osoa egiten amaitu ebeneko 500. urteurrenagaz bat egiteko. Izan be, 1522ko irailaren 6an lehorreratu zan espedizinoa Sanlucar de Barramedan.
Irailaren 2tik 6ra, ekitaldi ugari egingo ditue Getarian, Elkano Fundazinoak aurreratu dauenez. Elkano Itsas Herria ekimeneko Juanita Larando ontziari harrerea egingo deutse barikuan eta horri lotutako erakusketea zabalduko dabe. Patatxa erako antxinako itsasontzi baten erreplikea da Juanita Larando eta itsasoko jardunak euskal kulturan eta bizimoduan izan dauen eragin sakona erakusteko erabilten dabiz.
Irailaren 2an bertan estreinauko dabe, ganera, Beñat Gereka getariarrak zuzendutako Itsasoak pizten gaitu dokumentala. Zapatuan be egitarau potoloa atondu dabe Getarian. Goizean, umeentzako olgetak Altxerrian eta, ondoren, bi getariar ospetsuenak, Elkano eta Cristobal Balenciaga diseinatzailea, batzen dituan ekimena: Elkano jantzi bildumea, Amarenak sortua, aurkeztuko dabe Balenciagaren omenezko museoan.
Bidasoako erraldoiek girotuko ditue herriko kaleak eta, arratsaldean, Juanita Larando-n itsas-ibilaldi laburrak egin ahal izango ditu jenteak (aurretik izena emonda, turismo bulegoan). Elkarrekin Elkano, Ixabel Agirresarobe eta Iñaki Matiarena sortzaileen familientzako ipuina eta marrazketa saioa Berdura plazan izango da. Esne Beltzaren kontzertuak biribilduko dau eguna. Domekan, Euskal Barrokensemblek igongo dau oholtzara.
Martitzena, hilak 6, izango da ospakizunetako egun nagusia, lehorreratzearen 500. urteurrena dalako. Getarian ohitura handia dauen Elkanoren lehorreratzearen antzezpena berezia izango da oraingoan, Elkano Fundazinoaren ekitaldiakaz eta bosgarren mendeurreneko efemerideagaz bat egiten dauelako. Elkano eta haren marinelak Espainiara bueltau ziraneko momentua agertzen dabe herritarrek lehorreratzearen antzezpenean.
Hiru urte (1519-1522) egin zituan Magallaes eta Elkanoren espedizinoak mundua zeharkatzen eta Elkano Fundazinoak be hiru urte daroaz jazoera historikoa gogoratzen, baina ospakizunen amaierara heltzen dabiz. Uda honetan euskal kostaldean dabilen Elkano Itsas Herria espedizinoa be laster da amaitzekoa: Getariatik urten eta gero, Donostian, Angelun eta Mundakan egingo ditu geldialdiak eta Donibane Lohizunen azkena, hilaren 15etik 18ra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!