Castaños da Bilbao Izan programearen hurrengo helmugea

Bizkaie! 2022-08-29 12:51   Kulturea

Bisita gidatuak irailaren 3an hasiko dira.

Castañoseko garbileku zaharraren eraikina (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Uriko auzoen historia, ezaugarriak eta bitxikeriak herritarrei hurreratzeko asmoz antolatzen ditu Bilboko Udalak hilero bisita gidatuak, Bilbao Izan izenpean. Udako deskantsuaren ostean, irailean berrekingo deutse programeari, eta oraingoan Castaños auzoa izango da helmugea, Itsasadarraren eta Artxandako aldatzen artean kokatutako eremua.

Irailaren 3tik 30era bitartean egingo ditue bisitaldiak eta, ohiko moduan, modalidade bi egongo dira, arruntak eta umedun familientzakoak. Kasu bietan, oinez egitekoak dira bisitaldiak, gidari baten laguntzaz.

Bilbao Ezagutu Oinez izeneko bisitak, publiko guztientzat egokiak, ordu eta erdi ingurukoak dira. Martitzenetik domekara egingo ditue, eta eguen arratsaldeetakoak euskeraz izango dira. Talde zabala batu ezkero, beste egun eta ordu batzuetan be hitzartu leitekez bisitaldiak euskeraz.

Ezagutu Familian modalidadean be, ordu eta erdiko bisitaldiak egingo ditue, baina umeentzako egokitutako jarduerea izango da. Olgeta, asmakizun eta ipuinen bidez, Castañoseko auzoa modu dibertigarrian ezagutuko dabe umeek eta hareen familiek. Irailaren 18an eta 25ean egingo ditue, eta elebidunak izango dira, euskeraz eta gaztelaniaz.

Bisitaldiotan parte hartzeko aurretik emon behar da izena, doban, hemen. Saio arruntetan izena emoteko epea zabalik dago; familien modalidadean, hitzordu bakotxa baino 48 ordu lehenago zabalduko dabe epea.

Castaños auzoa aspalditik dago lotua Begoña eta Bilbo udalerrien bilakaereari. Gaur egun pasealeku eta kale atseginak dagozan lekuan, sasoi batean kaiak, fabrikak, ortuak eta abar egon ziran. Uriko zoramenetik pixka bat urruntzeko lekua be bazan Bilboko burgesiarentzat, eta horregaitik, jauregi eta etxe dotore ugari topauko doguz auzoan.

Castañoseko beste eraikin aitagarri bi dira antxinako garbilekua eta Tiboliko eskolak. Era berean, ezin da ahaztu auzoko ikonoetako bat bihurtu dan garraiobidea, Artxandara igoteko funikularra hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu