Berbeiako indusketen bigarren aldia amaitu da

Bizkaie! 2022-08-29 10:58   Pil-pilean

Antxinate Berantiarreko gaztelu baten aztarnak topau ditue.

Berbeian agertutako brontzezko piezea (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Berbeia indusketa guneak ezusteko polita emon dau aurtengo kanpainan, Antxinate Berantiarreko gaztelu baten aztarnak agertu diralako, Euskal Herrian sasoi haretan ezagutzen dan bakarra. EHUko Ondarearen eta Paisaia Kulturalen ikerketa taldeak indusketa arkeologikoen bigarren kanpainea amaitu barri dau, eta gazteluarena izan da aurtengo nobedade nagusia. Gaubea udalerrian, Barrio eta Bachicabo herrien artean dago Berbeia.

EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko katedradun eta Ondarearen eta Paisaia Kulturalen ikerketa taldeko (GIPyPAC) zuzendari Juan Antonio Quirósek azpimarratu dauenez, Euskal Herriko Erdi Aroko lehen gazteluen ezaugarriak eta funtzioak ulertzeko aukerea emoten deusku Berbeiak.

Agirien arabera, XII. mendean gaztelua egoan inguru haretan, baina indusketek agirian itxi dabe lehenago be gotorlekua egon zala eta gune inportantea izan zala. Ebro ibaiaren ibilguak eta Omecilloko haranak hartzen daben lurralde zabala kontroletan zan handik, eta, ganera, gotorlekua inguruko arazo judizialak ebazteko egoitza eta hango eliteen bizileku be bazan.

EHUko ikerlariek ikusi dabenez, gazteluak bigarren mailako beste zentro batzuk zituan; adibidez, Los Castros hatxean topautako gotorlekua. Leku bietan tronpa zeramikoak agertu diranez, gotorleku bien artean albisteak igortzeko soinu abisuak erabilten zirala ondorioztau geinke, dino Juan Antonio Quirósek.

Indusketa arkeologikoen bigarren kanpainan, Goi Erdi Aroko materialak topau ditue eta lehen okupazinoa VI. eta VII. mendeetakoa dala uste dabe ikerlariek. Bestetik, Antxinate Berantiarreko eta Erdi Aroko aztarnen azpian, Burdin Aroko kastro baten arrastoak be agertu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu