Alex Aginagalde: 'Eduki arrakastatsuak euskeraz egotea funtsezkoa da'
2022-08-29 08:02 BarriketanPantailak Euskaraz-eko kidea.
Hau Pittu Hau konparseak Euskara Saria emon deutso Pantailak Euskaraz plataformeari, Bilboko Aste Nagusiaren barruan egindako ekitaldian. Euskerearen alde alkarte zein norbanakoek egindako lana autortzea da urteroko sari horren asmoa.
2021ean sortu eben Pantailak Euskaraz mobimentua ikus-entzunezkoetan euskereak dauen leku urriagaitik arduratutako hainbat lagun eta eragilek. Pantailek gure bizimoduaren erdigunea hartu daben ezkero, euskereak be bertan egon behar dauela uste dabe, eta eztabaida hori gizarteratu. Bertako kide Alex Aginagaldek azaldu deuskunez, euskerearen erabilereagaz lotu-lotuta dago ikus-entzunezkoak euskeraz konsumiduteko aukerea eta erakunde publikoen zein enpresa pribaduen borondatea ez eze, lege eraginkorrak behar dirala dino.
1.- Pantailak euskeraz nahi dozuez, hau da, ikus-entzunezkoen eskaintza duina egotea gure hizkuntzan. Zergaitik da inportantea zuen aldarrikapena?
Ardura batean oinarrituta agertu zan aldarrikapena, hau da, aisialdia zein hizkuntzatan bizi dogun, horrek eragin sakona dauela hizkuntzearen erabileran. Aisialdia gaztelaniaz egiten badogu, gaztelaniaz gehiago berba egiteko jokerea izango dogu, euskerearen kaltetan. Eta gaur egun zer pasetan da? Ba aisialdiaren zati handi bat pantailen bidez egiten dogula, ikerketen arabera batez beste egunean 11 ordu inguru pasetan doguz pantailei begira: telebista, streaming plataformak, sare sozialak... Hortaz, egoera horrek arduratzen gaitu. Hainbat eragile batu ginan Pantailak Euskaraz sortzeko, esate baterako, Disney Euskaraz, Netflix Euskaraz, Tinko alkartea eta bikoiztaile euskaldunen plataformea. Indarrak batu eta pantailen erronkeari era bateratuan aurre egiten deutsagu orain.
2.- Ez da erraza erronkeari heltzea, gaztelaniaren eta frantsesaren indarra handia dalako eta orain ingelesa be ikaragarri zabaldu da. Hori kontuan izanda, zein litzateke lortu beharreko gitxieneko egoerea?
Pantailak zentzun guztietan kontuan hartzen doguz guk, orduan, streaming plataformez gan, Euskal Telebistari be begiratzen deutsagu. Euskerearentzat egoera ona izateko, euskerazko kanalek lehentasuna izan behar leukie telebista publikoan, euskerazko Euskal Telebista sendoa behar dogu. ETBren erderazko kateak euskerearen normalizazinorako erabili behar litzatekez, gaztelaniadunak euskerara erakarteko. Bestetik, uste dogu behar-beharrezkoa dala Zinemearen Legea, banatzaileak eta aretoak behartuko dituana eskaintzearen zati bat euskeraz izatera. Katalunian badabe halako lege bat eta estreinaldien % 50 katalanez dira.
Streaming plataformei jagokenez, uste dogu euskerazko halako plataforma bat ezinbestekoa dala, orain badirudi EITBk jarriko dauela martxan Primeran izeneko bat eta euskerea izango dala ardatza. Ikusi beharko da plataforma horrek gure eskariak beteten dituan. Azkenik, mundu osoan nagusi diran plataforma handietako eduki garrantzitsuenak euskeraz bikoiztuta edo gitxienez azpidatzita egotea be pausu handia litzateke. Aitatu dodazan horreek guztiak bete ezkero, euskerearen erabilerarako panorama osasuntsua izango litzateke.
3.- Euskal Telebistak bertoko eta kanpoko telesail zein film ugari emoten zituan euskeraz lehen, orain oso gitxi. Zer dala eta?
Iraultza digitalaren ondoren eta internet guztiz zabaldu danean, panorama aldatu egin da, ezin da konparau 1980ko hamarkadako testuingurua oraingoagaz. Lehen lau kanal egozan eta bat zan euskerazkoa, ETB1ek % 17ko audientzia eukan, gaur hori ezinezkoa da. Orain 50 kanal digital eta plataforma ugari daukaguz eskura, eta interneten zein telefono adimendunean eduki pilo bat. Telebista ikusteko modu tradizionala desagertzen doa. Dana dala, ez daigun ahaztu egunean hiru ordu pasetan doguzala telebistaren aurrean batez beste. Hor, ETBren euskerazko eskaintzea nabarmen bajatu da, lehen ohituta gengozan zinemako nazinoarteko estreinaldiak euskeraz ikusten, ETB1en: Star Wars, Harry Potter... Orain dala 15 bat urtetik hona, nazinoarteko fikzinoa euskerara bikoizteari itxi jakon, ez dago garbi zergaitik. Merkadu arrazoiari segidu baino, Euskal Telebistak funtzino soziala bete behar dauela uste dogu, eta euskerearen sustapena da oinarrietako bat.
4.- Bikoiztaileak be Pantailak Euskaraz-en bultzatzaileen artean dagoz. Alderdi profesionalean eragin deutse euskerara ikus-entzunezko gitxi bikoiztea.
Kontuan izan 1990eko hamarkadan euskerazko bikoizketak egiteko hiru enpresa ebizala lanean eta orain bakarra geratzen da. ETBko zuzendaritzeak 2010aren bueltan erabagi eban nazinoarteko produkturik ez euskeratzea, eta orduan hasi zan gainbeherea, enpresa bi desagertu ziran. 60 bikoiztaile inguru dagoz, geratzen dan enpresa bakarrarentzat, Mixerrentzat, noizean behin lan egiten, baina gero eta baldintza eskasagoetan. Horren ondorioz, 2018an grebeari ekin eutsen.
Badirudi aurrerantzean lan gehiago egon leitekela, plataformak bikoizten hasi diralako eta esperantzea dagoalako ETBren eskariak be gora egingo dauela. Euskal Zinemearen Legea laster egotea espero dogu, zinema-aretoetan euskerearen presentzia bermatzeko, eta horretarako be bikoiztaileak beharko dira. Panoramea hobetzen doan neurrian, bikoiztaile eta enpresa gehiago beharko dira, horrek arnasea emongo leuskio sektoreari.
5.- Ekimen publikoari itxaroten gagozan bitartean, plataforma pribadu batzuk euskerazko gero eta eduki gehiago emoten hasi dira. Seinale ona da?
Urtebete pasautxu da Pantailak Euskaraz sortu genduanetik, eta streaming plataformak izan dira gure helburu nagusietako bat, eskaerak egin eta gutun ofizialak bialdu deutseguz. Euskal erakundeen bidez be hartu-emonetarako bidea zabaldu dogu plataformakaz, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko. Ahalegin horreei guztiei esker, gitxienez plataforma handi bi hasi dira eduki batzuk euskerara bikoizten edo azpidazten.
Kopuruak be esanguratsuak dira. Orain dala urtebete, Netflixen hiru film egozan euskeraz, eta hirurak ziran euskal produkzinoak, Handia, Errementari eta Black Is Beltza; orain berderatzi film dagoz euskeraz, tartean bikoiztutako bost. Ume eta gazteentzako edukiak dira gehienbat, baina badabiz. Azpidatzita, ostera, 26 film eta telesaileko eskaintzea dago Netflixen dagoeneko. Amazon Prime Videon antzeko bilakaerea egon da: igaz Dragoi Bolaren pelikula bi baino ez egozan euskeraz, eta gaur egun zortzi film ikusi geinkez, eta azpidatzita beste 26.
Azpimarratzekoa da, ganera, inoiz egin dan telesailik handiena eta garestiena, The Lord Of The Rings-Rings Of Power (Erantunen Jauna-Boterearen eraztunak), euskerara bikoizten eta azpidazten dabizala. Irailean estreinauko dabe plataformetan eta euskaldunok geure hizkuntzan ikusi ahal izango dogula dirudi. Uste dogu halako eduki arrakastatsuak euskeraz egotea funtsezkoa dala hizkuntzearen erabilerea sustatzeko.
6.- Ikus-entzunezkoen Legea eztabaidatzen ibili dira Espainian uda aurretxuan, eta ETBren eta produkzino-etxeen arteko akordioa be egon da. Ez dirala nahikoa adierazo dozue zuek.
Ez da nahikoa, ezelan be, eta ez da guri otu jakun gauza bat, ze EAEko Euskerearen Legeak dino erakundeek neurriak hartu behar dituela hizkuntza ofizial bien arteko bardintasuna lortzeko ikus-entzunezkoetan, zinemea beren-beregi aitatuz. Lege hori 1982koa da, baina gaur egun, Euskal Herri guztiko aretoetako estrenaldien % 1 izatera ez da heltzen euskerazko eskaintzea, EAEn % 2 inguru. Zineuskadiren ekimenez umeentzako hamar film bikoizten dira euskeraz, eta ganerakoak bertoko produkzinoak izaten dira. 1982ko Legeak esaten dauena garbi dagoan arren, oraindino aretoek, banatzaileek eta beste eragileek ez dabe ezelako betebeharrik hizkuntzen alorrean. Eskumena bertoko erakundeena izanik, uste dogu arautzea erraza litzatekeela, baina ez dabe egin, ez dakigu zergaitik. ETB1 eta ETB3ri lehentasuna emotea be bertoko erakundeen esku dago, baina oraingoz ez dabe apustu hori egin.
7.- Euskerazko edukien plataformea bultzatzeko borondatea agertu dabe erakunde publikoek.
Bai, eta uste dogu behar-beharrezkoa dala. Kontua da berandu dabizala, orain dala hamar urte hasi behar ziran horretan, baina ez jaken estrategikoa begitandu eta orain konturatu dira halako plataforma bat egitea ezinbestekoa dala ikus-entzunezkoen gaur egungo testuinguruan. Katalanak bizkorrago ibili ziran, Filmin.cat sortu eben aspaldi. Ganera, Filmin.eus sortzeko eskaintzea egin eutsen euskal erakundeei, baina honeek ez eben beharrezkotzat ikusi momentu haretan eta aukerea galdu zan. Baina orain bai, inbersino handia egiten dabizala dirudi, berandu baina badabiz.
8.- Euskal ikus-entzuleek badabe zeresana Pantailak Euskaraz-en aldarrikapenak bultzatzeko?
Guk dei egiten deutsegu pantailetan euskereak dauen egoerea hobetu nahi daben herritar guztiei Pantailak Euskaraz-en jarraitzaile izatera. Sare sozialetan eta webgunean gagoz. Ganera, Disney Euskaraz, Netflix Euskaraz, Zinemak Euskaraz eta 3.000 Twitch kanpainen alde sinadura emon leikie, gure webgunean dago horretarako loturea. Bestetik, badogu Pantailak Euskaraz-eko Laguntzaile izateko modua be, webgunean formularioa beteta. Laguntzaile izateak ez dakar konpromiso handirik, batez be gure kanpaina, eskari eta edukiei sare sozialetan zabalkundea emoten laguntzeko bidea da. Momentu honetan, 500 Laguntzaile inguru daukaguz eta mundu guztia animetan dot bat egitera.
Argazkiak: Pantailak Euskaraz
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!