Bastida: Arabako Errioxako naturan sartzeko leku preziadua

Amaia Larruzea 2022-08-25 12:41   Ibilian-ibilian

Ardaoa da hemen ezagunena, baina ikusi daigun dana beste begi batzukaz.

Zeozertan ezagun bihurtzen danari etiketak jarten jakoz sarri, batzuetan ez dozuz zeuk jarten, besteek jarten deutsuez eta horrek alde onak eta txarrak ditu. Arabako Errioxan, esaterako, ardaoa eta ardaoa, horixe ezagunena, baita upategiak eta mahastiak be, baina etiketa horreek alboratu, eta ikusi daigun dana beste begi batzukaz.

Naturea, natura mugabakoa, horixe Arabako Errioxak eskaintzeko dauena. Bestelakoa, gainera, Euskadiko beste leku askoren oso bestelakoa. Tontor zorrotzak, handiak eta inguruan dana laua. Mendikate luzeak, eta behean, 0 mailea. Ikaragarria, naturearen fenomeno hau. Bizkaia eta Gipuzkoan ohituta gagoz Anbotora igoteko Urkiolara edo Arrazolara joaten, eta hara igotean badagoz mendi txikitxuagoak edota lurrazal altuak, muinoak, haranak. Baina Bastida inguruan, gora eta behera, horixe da gaurko erronkea eta gozamena.

Aurreko artikuluren batean ekarri deutsuet Palomares ingurua; oraingoan, ostera, Toloño inguruetan ibiliko gara gehiago. Ez dagoz urrun bata eta bestea, baina abiapuntua aldatu beharko dogu. Hur egonda be, beste ikuspegi bat izango dogu. Gasteizko taldeak antolatzen dauen Bastidako martxan igon dot aurrenekoz Toloño mendia, beti izan dot hor belarrian, baina oraindik ezagutu barik nengoan, baita berau inguratzen daben zelai eta basoak be.

Badirudi inguru lau honetan desnibela hartzea ez dala erraza, baina ez pentsau, oso erraz heldu leiteke holako ibilbideetan 1.400-2.400 metro arteko desnibel metatura. Bastidatik urten eta Done Kristobalerantz egingo dogu, handik Buradon Gatzagara abiatuko gara, Artikoatxara igon arte, 1.000 metrotik gora. Bertatik, Toloñorantz joko dogu (1.263 m) eta jatsierea Bastidatik Toloñorako ohiko igoeratik egingo dogu, bertikal-bertikala eta baso estu xelebreetatik igarota. Bideak 28.4 km eta 1.481 m desnibel positibo ditu.

Ibilbidea luzatu nahi baldin badogu, zera egingo dogu: Bastidatik Done Kristobalerantz egin, handik Buradon Gatzagara, bertatik Portillako Gaztelurantz eta Toberara. Igotear gagozanean, Morazara egingo dogu, 1.054 metrora, eta handik Berganzora jatsi, bertatik Artikoatxara igoteko, 1.030 metrora. Handik helduko gara Toloño mendira eta, aurrekoan lez, ohiko igoeratik jatsiko gara Bastidara. Honako honek 29.5 km eta 2.417 m desnibel izango ditu.

Conchas de Haro dalakotik (450 m) Peñacerradako mendaterainoko (945 m) lurrazalak osotzen dau Toloñoko mendikatea. Peñalasdoce, Peña del Castillo, Peña del Leon eta Bonbalatxi, horreek inguruan dagozan mendiak. Toloñoko santutegiak mendigune biok batzen ditu gandor ikaragarri, zorrotz eta ikusgarri honetan. Gozatzera, bada!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu