Txistulari Bandea eta konbidadu ugari Plaza Barrian, Aste Nagusia amaitzeko

Bizkaie! 2022-08-24 12:28   Musikea

Domekan 13:00etan egingo dabe ekitaldia.

Aste Nagusiko bederatzi egunetan, kalerik kale ibilten dira Bilboko Udal Txistulari Bandakoak, uriko txokoak alaitzen. Jaiei agur esateko, domekan, hilak 28, ekitaldi handia egingo dabela aurreratu dau Udalak, eta konbidadu ugari izango ditue txistulariek alboan. Plaza Barrian, Aste Nagusian euskal folklorearen erdigune bihurtzen dan agertokian, izango da kontzertua, 13:00etan.

Euskal Herriko leku askotatik etorritako txistulariek hartuko dabe parte domekako alardean, Bilbokoakaz batera. Horrezaz gan, musikariak eta bestelako artistak be izango dira oholtzan, esate baterako, metal boskote bat, Iñigo Eskuin gitarra jolea, Gorka Eskauriaza baxu jolea, Ander Zulaika baterian eta Gemma Sánchez tekladuan. San Anton Abesbatzea eta Oinkari jantza taldea be Plaza Barrian izango dira.

Etzakit eta Esne Beltza talde ezagunetan ibilitako Xabi Solano izango da beste konbidaduetako bat. Trikitixea eta beste tresna batzuk lagun, bere ibilbideko kantu ezagunak interpretauko ditu, adibidez, Eskurik eskuekin, Izar iheskorra eta Erre zenituzten.

Ganera, ekitaldi honetarako beren-beregi sortu ditu Xabier Zabalak Elias eta Belatxe fandangoa eta Basalde arin-arina. Oinkari taldekoen jantzaldian entzun ahal izango dira lehenengoz, eta kontrapasak, ezpata-jantzea eta abar be egingo ditue Oinkarikoek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu