Janire Arrizabalaga: 'Frikisaioak heldulekua dira bertsolaritzan geure lekua topetako'

Dabi Piedra 2022-08-22 08:04   Barriketan

Bertsolaria.

Lokatz Loreak taldea hiru bertsolari gaztek sortu dabe, Araitz Katarainek, Izaro Bilbaok eta Janire Arrizabalagak. Bertsolaritzan asko zapaldu bako bideari ekin deutse, gai eta planteamendu barritzaileetatik jaiotako Frikisaioen egitaraua antolatuta. Oholtzan bertsolari ezagunak dirala, gai friki edo ezohikoak landuko ditue bost saiotan: Harry Potter, Bertso Fashion Week, denporearen makinak, memeak eta bertsoskopoa.

Janire Arrizabalaga, Gernikako Lilibertsoko bertsolaria, Lokatz Loreak-eko kideetako bat da. Bertsolaritzan euren lekua topau nahian dabizan hiru neska dirala kontau deusku, eta, bide batez, askotariko interesak dituen belaunaldi barriak bertsolaritzara erakarteko modua be badirala Frikisaioak.  Eskertuta agertu da publikoaren eta bertsolarien jarrereagaz. Lehenengo saioa, Harry Potterrena, Zornotzan egin eben; bigarren hitzordua zapatuan, hilak 27, izango da, Deustun.

1.- Hiru bertsolari gazte alkartu zarie Lokatz Loreak proiektuan. Zerk batu zaitue?

Edade antzekoa daukagu, ni 2003koa naz eta eurak 2004koak, orduan Eskolarteko Txapelketan alkarregaz kantau izan dogu, baina bistaz baino ez genduan alkar ezagutzen. Lehenengo, Izaro eta biok batu ginan, Ahalduntze Bertso Eskolako saioen bidez. Ondoren, aurten lehenengoz egindako Bizkaiko Emakume Bertsolarien Topaketan, Izaro, Araitz eta hirurok hasi ginan berbetan, konturatu ginan ardura batzuk konpartiduten genduzala, esate baterako, geure lekua topau beharra bertsolaritzan. Broma batetik bestera, Frikisaioen kontuak urten eban eta aurrera egitea pentsau genduan. Hortik sortu da gure adiskidetasuna eta Lokatz Loreak taldea.

2.- Frikisaioen bidez ezagutu dogu Lokatz Loreak. Halako saioen bueltan mobiduko da zuen taldea ala bestelako ekimenak edo alorrak be jorratu nahi dozuez?

Gure lekua topatea da oinarria, hau guztia martxan jarteko arrazoia. Horregaitik, lehenengo frikismoari topau deutsagu lekua, baina gure asmo nagusia bertsolaritzan gu hirurontzako lekua topetea da, eta baita gure antzekoei be. Frikismoarena heldulekua izan da, baina beste batzuk egon leitekez gero.

3.- Frikismoa kontzeptu lausoa da. Zuek zelan ulertzen dozue?

Sarri, bertsolaria figura intelektual lez agertzen da, baina jente frikia be badagoala garbi dago, esate baterako, Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Txapelketako finalean Harry Potterren bertsoaldia egin ebanean. Era guztietako bertsolariak dagoz, ez da beti plazagizon bat soziedadean kantuan. Gaur egungo gaztediagana gehiago hurreratzen diran gaientzako lekua egon behar da bertsolaritzan. Gai sozialak be asko lantzen dira, baina beste kontu interesgarri askoren inguruan be kantau leiteke. Ikuspuntu horretatik ulertzen dogu frikismoa, kontzeptu zabala da guretzat.

4.- Lokatz Loreak hirukotekoak gazte-gazteak zarie, emakumeak, orain bertsolaritzan gai barriak sartzeko ahaleginean... Korrontearen kontrako ibilbidea da zuena.

Bai, halan da. Araitz Berrizko bertso-eskolakoa da eta han danak diranez emakumezkoak, igual ez dau alde horretatik horrenbeste burrukarik egin behar izan, baina plazan hiruroi tokau jaku geure lekua topetan ibili beharra. Askotan izan gara saioko neska bakarrak. Oraindino igarten dogu emakumeok eta gazteok ez daukagula plazan nahiko lekurik, badago zapalkuntza bikotx bat hor. Beharrizana badago lekua topetako, eta hirurok alkartuta aurrera egin dogu.

5.- Zein da Lokatz Loreak izenaren esangurea?

Metafora batetik dator izena. Lehen aitatu dot geure lekua ezin topauta ibilten garela sarri, eta lokatzetan moduan sentiduten gara. Baina lokatz horretatik lorak hazi leitekez eta frutuak emongo ditue. Lehenengo frutuak Frikisaioak izan dira, baina espero dogu beste asko etortea.

6.- Zuek hiru baino ez zarie, baina frikismoaren deia gogo onez hartu daben gehiago egongo dira, ezta?

Nahiko ondo hartu dabe danek, orokorrean. Frikisaioetan parte hartzeko uste dot 21 bertsolariri deitu geuntsala eta ez dogu ezezkorik jaso. Kontrara, danak pozik eta prest agertu dira. Esanguratsua da, ganera, egitarauan ez dagozan beste bertsolari batzuk be etorri jakuzala, hurrengo ekimenen batean eurak be parte hartzeko interesez eta gogoz dagozala esateko. Emaritsua izan da Frikisaioen ekimen hau, guk uste baino gehiago zabaldu da, eskertzen da bertsolariek eta publikoek egin deutsen harrera ona.

7.- Beharbada hutsunea egon da.

Bai, plaza desbardinak eskaintzeko beharra dago. Egon dira plaza desbardinak sortzeko beste ahalegin batzuk, adibidez, Ez Da Kasualitatea, Bertso Erronda... Baina gurearen pareko bertso-trama berezirik, hain diferenterik, guk ez dogu sekula ikusi. Beharbada egongo zan baten bat, baina ez hain zabaldua eta zirkuitu formatuan.

8.- Bost saioko egitaraua dakarre Frikisaioek. Zer topauko dabe horreetara doazan zaleek?

Ezaugarri nagusia da erdi-antzerki moduan aurkezten doguzala. Lokatz Loreak taldeko hirurok gara aurkezle eta gai-jartzaileak. Tramea azaltzeko eta girotzeko antzerki apur bat egiten dogu eta proiektorea be eroaten dogu. Nik Ikus-entzunezko Komunikazinoa ikasten dot, Izarok bideoak editetan daki eta Araitz musikan dabil, hirurok batera zeozer berezia eskaintzen dogu. Girotze horretaz aparte, bertso-saio normalak dira, gaiak emon eta bertsolariek kantau egiten dabe.

9.- Bertsolaritzan orain arte ikusi ez dan girotzea eta gai barriak eroan dozuez oholtzara. Bertsoetatik urrun dagoan publikoa erakarriko dau horrek?

Hori nire nebearen kasua da. Ez da bape bertsozalea, baina Harry Potterrena entzun ebanean, segiduan biztu jakon interesa, bere kuadrillako guztiak saiora joango zirala esan eustan. Jente askok bertsolaritzea ezagutzeko eta zaletzeko beste bide bat izan leiteke.

10.- Bost saio atondu, bakotxa gai bati lotua; girotzea preparau; bertsolariak ekarri... Ez dozue ahalegin makala egin.

Bai, uda guztia daroagu prestakuntzak egiten eta, halanda be, azken momentuko pilo bat arazo agertu jakuz. Hiru neska gazte gara, eta Bertsozale Alkarteak diru-laguntzatxu bat emon deuskun arren, ez da erraza finantziazinoa lortzea, bost saioetan etorriko diran bertsolariei pagau behar jake! Eta aretoak be topau behar dira, datak ondo lotu... Diru apur bat eskuratzeko, poltsa batzuk atera doguz saltzeko eta sarrerea be kobretan dogu. Egia esan, hau guztia antolatzen oso ondo pasau dogu, ez jaku gogorra egin, baina ahalegin handia dago atzean, ikusten ez dana.

11.- Frikisaioak amaitu eta gero, Lokatz Loreak-ekoek badozue beste idearik buruan?

Honek ondo urteten badau, esperantza osoa dogu aurrera egiteko eta proiektuak sortzen segiduteko. Idea larregi daukaguz, gauzagarriak erdiak izango dira igual. Momentuz, ondo egin nahi dogu Frikisaioena eta gero joango gara sare sozialetan informazino gehiago emoten.

Argazkiak: Janire Arrizabalaga eta Lokatz Loreak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu