Mikel Urdangarinek eta BOSek Bilbon aurkeztuko dabe proiektu barria

Bizkaie! 2022-08-19 10:35   Musikea

Zapatuan, hilak 20, Abandoibarrako oholtzan izango dira.

Mikel Urdangarin eta BOSeko kideak, entseguetan | Ikusi handiago | Argazki originala

Badena eta ez dena izena emon deutse Mikel Urdangarinek eta BOS-Bilboko Orkestra Sinfonikoak alkarregaz hasi daben proiektuaren emoitzeari. Azken egunotan jo eta ke entseguetan ibili eta gero, zuzenean agertuko dira zapatuan, abuztuak 20, Bilboko Abandoibarran, Aste Nagusiko ospakizunen barruan.

BOSek ehun urte bete ditu aurten eta Mikel Urdangarinek 25 urte daroaz oholtzarik oholtza kantuan. Efemeride biak ospatzeko hasi ziran alkarlanean, 100/25 BOS-Mikel Urdangarin proiektuan, eta jentaurreko lehenengo emoitzea da Badena eta ez dena. Zuzeneko emonaldiarena ez eze, laster plazaratuko daben diskoaren izenburua be bada hori.

Proiektuaren barruan, Mikel Urdangarinen errepertorio luzeko kantu esanguratsuenak egokitu ditue orkestra sinfonikoaren formatuan joteko. Bingen Mendizabal izan da orkestrazinoaren eta egokitzapenen arduradun nagusia, eta Urdangarinen kantuak beste dimensino edo mundu batera eroatea izan dau helburu.

Koldo Uriartek be hartu dau parte produkzinoan eta abesti baten egokitzapenean. Azkenik, Fernando Velazquezek be beste kantu bat moldatu dau. Danen artean, hamabost kantuko errepertorioa preparau dabe, danak Urdangarinen ibilbide luzearen lekuko, bat izan ezik. Azken hori proiektu honetarako sortua da beren-beregi.

Badena eta ez dena zuzeneko kontzertuen birea Bilbon hasiko dabe, beraz, Aste Nagusiko lehenengo zapatuan. Ilusino handia biztuten deutsen hitzordua dala adierazo dabe Urdangarinek eta BOSeko arduradunek, eta pozik dagoz kontzertu sortea Bilbon hasteaz.

Iker Sánchez Silvak zuzenduko dau BOS birako kontzertu guztietan. Musikarien laguntzinoagaz, Urdangarin bera arduratuko da kantuei ahotsa jarteaz. Diskoa be abuztu honetan bertan grabauko dabe, eta udagoienean kaleratzea da aurreikuspena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu