Pantailak Euskaraz sarituko dau Hau Pittu Hauk
2022-08-18 10:06 Euskerea berbagaiAbuztuaren 25ean izango da saria emoteko ekitaldia, Aste Nagusiko Euskal Gunean.
Pandemiak behartutako urte biko etenaren ostean, Hau Pittu Hau konparseak barriro emongo dau aurten Euskera Saria Aste Nagusian. Sari horren bidez, euskerearen alde alkarte zein norbanakoek egindako lana autortzea da asmoa, euskaltzaleen konparsea dalako Hau Pittu Hau. Aurreko urteetan, besteak beste, UEMA, Berria, UEU eta Hamaika TB saritu ditue; 2022ko irabazlea Pantailak Euskaraz da.
2021ean sortu eben Pantailak Euskaraz mobimentua ikus-entzunezkoetan euskereak dauen leku urriagaitik arduratutako hainbat lagun eta eragilek. Pantailek gure bizimoduaren erdigunea hartu daben ezkero, euskereak be bertan egon behar dauela uste dabe, eta eztabaida hori gizarteratu.
Hau Pittu Hauk ohar batean azaldu dauenez, konparsako kideak be arduratuta dagoz ikus-entzunezkoetan euskereak dauen lekuaz eta horrek dituan ondorioez. Erakunde publikoen itxikeria eta borondate faltea salatu eta alor horretan estrategia eraginkor bat sortzeko deia egin dabe, euskera hutsean eta Euskal Herri osorako.
Ohituretan eta audientzietan eragiteko euskerazko eskaintzea handitzea beharrezkotzat jo dau Hau Pittu Hauk, eta erantzunkizunez jokatzeko eskatu deutse ETBri zein plataforma pribaduei. Euskerazko produkzinoak indartzeko eta bikoizketak zabaltzeko beharra azpimarratu dau.
Hortaz, Pantailak Euskaraz mobimentuak egiten dituan aldarrikapenakaz bat datorrela adierazo dau konparseak eta Euskera Saria emotea eskariok gizarteratzeko bultzadea izan leitekela. Badago bidea, badagoz proposamenak mahai ganean, martxan jartea baino ez da falta.
Bilboko Aste Nagusiko eguenean, abuztuaren 25ean, emongo deutse Euskera Saria Pantailak Euskeraz-eko arduradunei. 17:00etan egingo dabe ekitaldia Euskal Gunean, hau da, Hau Pittu Hauren txosnea dagoan lekuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!