Balaitusen handitasuna eta Arriel lakuetan izar igeskorren gozamena

Amaia Larruzea 2022-08-17 12:06   Ibilian-ibilian

Bada egunean bertan igoteko modua, baina aukera ederra da vivac edo dendan lo egitea.

Badira Pirinioetan oso ezagunak diran hainbat mendi, horreetako batzuk Canfranc eta Astun inguruan dagozanak eta hurrengo artikulu batean ekarriko deutsuezadanak. Tenako bailarara abiatu ezkero, handitasunean eta edertasunean ikusgarri doguzan mendi ez hain eskuragarriek hainbat aukera eskaintzen ditue, bai oinezean ibilteko baita eskaletako bide ezbardinetatik be. Oraingo honetan, Balaitusera joango gara, betidanik asko-asko gustau izan jatan mendia, eta gauza bategaitik edo besteagaitik oraindino ezagutu barik nebana.

Lehentxuago aitatu deutsuedazan aukera ezbardinek mendi honi erreferentzia zuzena egiten deutse, eskalatzaileen gozamena dan neurrian, oinezko eta korrikalarien helburu be badalako, trepadatxu eta puntu tekniko bat baino gehiago eskainiz. Argi gelditu dadila ez dala Gorbeiara buelta bat egitea bezela, garbi izan behar dogu Pirinioetako mendirik gatxenetakoen artean dagoala eta esperientzia maila bat izan behar dala bertara igoteko. Hortaz, buruagaz jokatu daigun: bai Diagonaletik abiatuta (bide arruntetik) bai Brecha de Latourretik (teknikoagoa, sokea gomendatzen da) kontuz izan behar dogu, eta adi, ze asko aldatzen da urtaroaren arabera, udan edo neguan elurragaz. Beraz, zentzun guztiak martxan jarri eta mendian ibiltera ohituta bazagoze eta bertigo gehiegi ez badozue baino ez bertaratu.

Behin horreek argituta -interesgarriak begitantzen jatazalako, kontuan izanda hango istripu eta erreskate guztiak-, jo daigun Balaitusen barrenera eta bere inguruetara! Mendebalderantz gehien joten dauen Pirinioetako mendia da eta horrek Frantziatik hur dagoala esan nahi dau eta ikuspegi anitzagoa emoten deutso, alde guztiak bere aurrean hartzen ditualako. 3.144 metro ditu eta Van d'Azun eta Tenako haranen artean kokatuta dago. Oso ezaguna da, eta esan lez, bere arpegi eta bide guztiak ez dira arin batean igotekoak, danek dabe zailtasun eta gozamen tekniko puntu hori, beraz, hatx artean jantzan egiteko zenbatgura aukera eskaintzen ditu.

Ganera, Sallent de Gallego udalerritik gora abiatu eta La Sarra aparkaleku gunera helduta, bada egunean bertan egiteko modua, baina guk geuk eta beste askok egiten daben lez, aukera ederra da vivac edo dendan lo egitea, izar igeskorren artean Balaitus eta Palas mendien magalean esperientzia beteago egitea; beteago norbere arima eta energiari jagokonez, horixe dalako gau partean Pirinioetan sentiduten dana, energiaz bete eta naturearen ikusgarritasunean txiki sentidu.

Arrieleko ibon edo lakuetan pasau genduan guk gaua, ze hainbat laku dagoz han, goikoa, behekoa eta chelau. Beraz, Lasarretik abiatu, Respomuso aterperantz igoteko ohiko bidetik, eta lehenengo ezkerretara Arriel mendira igoteko seinalea izango dogu, baina hortik ez jo, aurrera segidu, eta hurrengo bidegurutzea aurrerago, lakuetakoa izango dogu, ezkerretara hori be. Hortik jo, eta gora eta gora eta gora egin, lakuetara heltzeko.

Handik, Palas eta Balaitus ikusiko doguz, hodeietan ilundu eta izarren artean lokartuz, gerizpean baina argi bereziagaz itxartuz. Hotzari eta ihintzari aurre eginez gauean zehar, natureari errespetua izanik eta dana gu heldu aurretik egoan baizen garbi itxita, Balaituserantz abiatu gara.

Respomusotik bertatik be igon daiteke gero Diagonalerantz abiatzeko, baina buelta luzeagoa da; Latourreko zirrikitutik, barriz, bada aukerea. Frantziako aldetik be badagoz bide gozagarriak, baina, esan bezela, leku batetik be ez da erraza, danak dira teknikoak eta desnibel handikoak. Beraz, hori argi izan daigun ezusterik ez izateko. Bestalde, irakurri dodanez, lehen igoerea 1825ean egin ei eben Peyter eta Hossard teknikari geodesiko frantsesesek, erratuta, Palasera igon nahi ebenean behelainoa sartu zalako. Egia izan ezkero, zelako ezuste itzela izango eben hareek biek, zoragarria dalako Balaitus, ingurua eta mendebalderako ikuspegia.

Kaskoa eroatea gomendatzen da, nahiz eta eskalau ez, harri solte galantak egon ohi diralako. Besterik ez, beraz, gogoa eta zentzun guztiak prest, norberarentzat eskaintzeko dauen energia jasoteko. Frondiellas, Palas, Soques, Infiernos, Garmo Negro, Argualas, Arriel, Vignemale, Gran Facha, Midi d'Ossau… besteak beste, geure begien aurrean. Naturearen edertasuna!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu