Braulio Cortés: 'Personaiak karikaturen modukoak egin dodaz, benetan be halakoak ziralako'
2022-08-16 08:02 BarriketanAntzerkigilea.
Bilboko Aste Nagusiagaz bat, Pabilioi 6 aretoak denporaldi barriari ekingo deutso asteon. Braulio Cortések idatzi eta Felipe Lozak zuzendutako El trepa de palacio antzezlana ikusi ahal izango da abuztuaren 19tik irailaren 11ra, Fernando VII.aren Kortera eroango gaituan komedia musikal bufo eta dibertigarria.
Bizkaitik Madrilera joandako Antonio Ugarte oinarri dala, ustelkeriaz eta personaia lotsabakoz betetako Kortea erakusten dau obreak, absolutismoa Espainiara bueltau zan urteetan, XIX. mendearen hasieran. Braulio Cortés egilearen asmoa da ikusleek ondo pasetan daben bitartean interesa sortzea. Eskarmentu handiko aktore eta antzerkigilea da Cortés, Barakaldoko Arimaktore taldeko kidea, eta satira politikoaren alde egin dau oraingoan.
1.- Antonio Ugarte da antzezlaneko personaje nagusia, Madrilgo Kortera heldu zan bizkaitarra. Nor izan zan?
Espainiako Independentzia Gerrearen osteko urteetako Madrilera jo behar dogu Antonio Ugarteren ibilerak ezagutzeko. Fernando VII.ak absolutismoa berrezarri eban eta Kortean egozan zientzialari, ekonomialari edo dana dalako adituei ez eutsen kasurik egiten, ideologiaz oso hurrekoak ziran lagun batzuen aholkua baino ez eban onartzen. Antonio Ugarte zan taldetxu horretako kideetako bat. Azpijoko eta tranpa ugari egiten zituen erregearen ingurukoek eta ahal zan guztia eta gehiago ostu eben.
Benito Pérez Galdosen nobela batean irakurri neban lehenengoz Antonio Ugarteren barri. Espainiako Enperadorea zan haren ezizena, erregeak estimu handia eutsalako eta, beraz, potere ikaragarria izatera heldu zalako, nahi ebana egiten eban. Nogaz batzartu, kargu publikoak nori emon, negozioak nogaz egin... Fernando VII.ak dana galdetzen eutsan Antonio Ugarteri. Itxura batean, bizkaitar izateaz harro egoan. Hori ikusita, gehiago jakin behar nebala pentsau neban.
2.- Istorio bitxia da Antonio Ugarterena.
Gaztetan heldu zan Euskal Herritik Madrilera, eta danetariko zereginak eta lanak egin zituan, morroi ibili zan hasieran. Baina jatorra, atsegina, berba errazakoa ei zan, eta oso zuhurra, orduko poteretsuen artean bere bidea egiteko. Orduko goi mailako gizartean jantza irakasle lez sartu zan, danetarikoa egiten eban. Denporeagaz, nobleei laguntzen hasi zan era guztietako azpijokoak eta tranpak egiten: negozio zalantzagarriak, agiriak desagerrarazotea... Horretan be abila zala ikusi eben poteretsuenek, eta bulego bat martxan jarten lagundu eutsen Ugarteri, jakina, euren amarruetan laguntzearen truke.
Errusiak Espainian eukan enbaxadorearen idazkari izatea lortu eban eta horri esker sartu zan bete-betean Kortean. Orduan bai, egundoko azpijoko eta tranpak egiteko bidea topau eban, eta Fernando VII.aren idazkari personala izatera heldu zan. Hau da, abilidade handiz eta lotsa gitxigaz, kalean errekaduak egitetik Espainiako gorengo mailara heldu zan, ez zan erabagi garrantzitsurik hartzen hari galdetu barik.
3.- Galdosen nobeletan aitatzen da Antonio Ugarte, baina ikerlan sakonagoak egin behar izan dozuz antzezlanerako dokumentazino bila.
Kontua da ze, Ugarteren inguruan dagoan informazinoa kontraesankorra dala batzuetan. Galdosen liburuetan be, batzuetan gauza bat esaten da eta hurrengoan kontrakoa. Galdosen lehenengo aitamenetan berba errazeko personajea da, zuhurra, adimentsua... Edozein sasoi eta testuingurutan irabazten urtengo leuken gizona. Hurrengo testuetan, edo bestelako agiri batzuetan, esaterako haren gutunetan, bestelako personaje bat topetan dogu, ideologiak eragin sakona dau beragan. Absolutismoaren defendatzaile sutsua eta Fernando VII.aren mireslea izan zala ikusten da, ideologia jakin bati oso lotua, eta, beraz, XIX. mendearen hasierako Espainia haretan baino ez eukan lekua. Beste errege bategaz edo sistema demokratiko batean ez eban arrakastarik izango. Kontraesan asko dagozan arren, nik esango neuke Fernando VII.aren poterea finkatzeko lan handia egin ebala.
4.- Orain dala 200 urteko kontuek badabe antzekotasunik gaur egungo politikagintzeagaz?
Sasoiak diferenteak dira baina osogaiak ez dira aldatzen. Beti dago lotsa gitxiko jentea bere burua aberasteko edozer egiteko prest.
5.- Umoretik heldu deutsazu gaiari, eta emoitzea musikal bufoa izan da. Zergaitik aukeratu dozu formatu hori?
Dokumentazino lan sakona egin dodan arren, ni ez naz historiagilea, neure personaia literarioa sortu dot errealidadetik abiatuta. Ez dot obra historiko eta datuz betea egin nahi izan. Datuek eta benetako jazoerek eusteko lekua emon deuste antzezlana sortzeko orduan, baina beste modu batean kontau nahi izan dot orain dala 200 urteko zoramena, eta zer hoberik obrea bera be zoroa izatea baino. Ganera, Antonio Ugartek berak be musikea eta jantzea erabili zituan aberatsen eta poteretsuen artean lekua egiteko, gizon dibertigarritzat aurkezten eban bere burua.
Sasoi haretan, bestetik, ohitura handia egoan kantuak eta satirak sortzeko, orduko auzi politikoak umoretik aztertzeko, zentsuratik eta poterearen gehiegikerietatik iges egiteko modu bakarra zalako. Tradizinoaren parte diran kantu herrikoietan oinarritu naz neurri batean. Horri ikutu bufoia eta groteskoa emon deutsat, herriak kritikea egiteko erabili izan dauen metodoa dalako. Personaiak be karikaturen modukoak egin dodaz, egia esan errealidadean be halakoak ziran. Ikuspegi herrikoitik kontautako obra musikala egiteko gogoa emon deuste horreek elementu guztiek.
6- Musikea sortzen nork lagundu deutsu?
Unai Elizalderena da musikea eta testua neuk idatzi dot. Lehenengo neuk idatzi nebazan berbak, tradizino herrikoiko metrikan eta errtimoan oinarrituta: segidillak, koplak... Holan, oinarri edo abiapuntu garbi bat sortu neban, erritmo eta neurri zehatz batekoa, musikariak horren ganean doinua ipinteko. Unai Elizalderi eskatu neutsan, oinarri horretatik hasita, bere bidea topetako, ea obreak nora eroaten eban. Berak, batez be, ikutu garaikidea emon deutso, hip hopa, erritmo latinoak eta halakoak sartuta.
Hori dala eta, musikeak izakera bikotxa dau: herrikoia eta garaikidea. Horrek kolore gehiago emon deutso obreari, uste dot ikusleek eskertuko dabela.
7.- Aktoreentzat zelako obrea da hau?
Erritmo handiko obrea da, nik idatzitako testuan agirikoa zan erritmo bizi hori, eta Felipe Loza zuzendariak horri eutsi deutso. Aktoreek eurek sortzen ditue eszena bakotxeko espazioak, testuingurua, ze alderdi eszenografikotik obra nahiko biluzia da. Ahalegina egin behar dabe aktoreek, kantuaren, soinuen eta mobimenduen bidez kontakizuna aberasteko. Horrezaz gan, argiztapena be sakon landu dogu, hori be elementu eszenografiko esanguratsua izango da.
Beste alde batetik, obrea oso korala da, aktoreek taldean lan egin behar dabe ezinbestean, eta danen artean tonu egokia topau. Izakera koral horretatik sortzen dira momentu bakotxean berba egiten daben personaiak.
8.- Felipe Loza zuzendariak emon deutso bizia zeure testuari. Ze nortasun emon deutso obreari?
Alkarlanean ibili gara testua oholtza ganera eroateko egokitzapenak egiten eta behin betiko formea emoten, kontau nahi doguna ordu eta erdira mugatzen. Felipek esperientzia luzea dau kabaretaren eta musikalen alorrean eta zuzendari aproposa da proiektu honi heltzeko. Autoreak, testua idazten dauenean, lekukoa ixten dau beste batek hartu deian, kasu honetan zuzendariak, obreak aurrera egiteko modua da hori. Antzeko produkzino askotan parte hartutakoa da Felipe, nik oso gustuko dot Aborígenes, ha be antzezlan korala zan eta Felipek maisutasunez gidatu zituan aktoreak, personajeak behin eta barriro dabiz oholtzan sartzen eta handik urteten. Oraingoan, gustau jat obreari emon deutsan erritmoa, ordu eta erdiz eusten deutso kontakizunaren bizitasunari, baina ikusleari arnasea hartzeko tarteak emonez.
9.- Hilaren 19an da estreinaldia. Ze gonbidapen egiten deutsazu zaleei Pabilioi 6-ra hurreratu daitezan?
Hasteko eta behin, gure asmoa da jenteak pieza honegaz gozetea. Antzokian jezarri eta ordu eta erdiz gozamen hutsa izatea, baina, aldi berean, ezin sinistuta egotea halako persona lotsabakoak egon zirala Fernando VII.aren Kortean. Obra dibertigarria, lotsabakoa da, baina jazoera interesgarriak kontetan dituena. Nik nahi dot, antzokitik urtetean, entzuleak pentsetea, ederto pasau dot, aktoreak ikaragarri onak dira, musikea eta giroa entretenigarria, baina personaiak zelako putakumeak ziran, mundu ha ezagutzeko interesa eragin deust.
Argazkiak: Pabilioi 6 eta Arimaktore.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!