Musikea nagusi Lekeition, XLII. Itxas Soinua zikloari esker
2022-08-11 08:53 MusikeaGaurtik astelehenera, egunero kontzertuak egongo dira eleizan.
Gaur, abuztuak 11, hasiko da Lekeitioko XLII. Itxas Soinua Nazinoarteko Musikaldia eta astelehenean, hilak 15, amaituko da. Udalak azaldu dauenez, egitarauan bost kontzertu sartu ditue aurten, egunero bat, danak 22:00etan hasita. Andra Mariaren Zeruratzea parrokian izango dira saio guztiak.
Musbika Ensemble arduratuko da tradizino handiko ziklo hau zabaltzeaz. Ganbera musikea lantzen dau taldeak, biolinak, klabea, celloa, concertinoa eta halako tresnak erabilita. Barikuan, hilak 12, Kea Ahots Taldea etorriko da Lekeitiora. Izenak dinoan lez, ahotsa da euren proposamenaren ardatza, kantua hain zuzen. Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, goi mailako sorpano, tenor, kontratenor, baritono eta kontraltoak entzun ahal izango doguz.
Asteburuko hitzorduei jagokenez, zapatuan Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta domekan ESB Quintet izango dira Lekeition. Bigarren horretan, euskal musikearen gaur egungo maisu bik egin dabe bat, Alberto Urretxok eta Garikoitz Mendizabalek.
Itxas Soinuaren 2022ko eskaintzea biribiltzeko, astelehenean, Inéditas, emakume konpositoreen ahots ikusezina izeneko saioa egingo dabe. Eugenia Boix izango da abeslari nagusia, Teresa Valenteren biolontxeloak eta Susana García de Salazarren pianoak lagunduta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!