Gastronomia tailer eta lehiaketak, egunero Aste Nagusian

Bizkaie! 2022-08-10 12:16   Jan edanak

Bilboko Konparsen arabera, bertoko produktuak izango dira oinarri.

Erriberako Merkatuan egin dabe aurkezpena (argazkia: Bilboko Konpartsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Erriberako Merkaduan, non bestela, aurkeztu dabe aurtengo Bilboko Aste Nagusian gastronomiagaz lotuta egongo diran jardueren egitaraua Bilboko Konparsek. Sukaldaritza lehiaketeak dagoeneko 43. edizinoa beteko dau eta, ganera, ume eta gaztetxuentzako tailerrak eta inguruko produktuak sustatzeko ekintzak atonduko ditue.

Konparsetako ordezkari Garazi Askasibar eta Iñigo Iglesiasek azpimarratu dabenez, jaietako programazinoaren plater indartsuenetarikoa dira, zalantza barik, gastronomiari lotutako jarduerak. Hori dala eta, egunero-egunero martxan izango dira lehiaketak eta tailerrak.

Sukaldaritza tailerrak Arenalean egingo ditue, goizeko 11:00etan, hainbat elikagai lantzeko. Esate baterako, jaietako lehenengo domekan, gatza izango da tailerraren abiapuntua, Leintz-Gatzagako Gatz Museoagaz alkarlanean. Algak, ogia, eztia, konserbak, ardaoa, sagardaoa eta Slow Food filosofia ezagutuko ditue parte-hartzaileek hurrengo egunetan, produktuok modu jasangarrian lantzen dituen bertoko produktore eta enpresen laguntzinoagaz.

Gure Lurreko Merkatua dalakoa hiru egunetan egingo dabe, lehenengo domekan, eguaztenean eta azken domekan, beti goizeko 11:00etan hasita. Aukerea izango da bertoko produktoreakaz berba egin eta gure baserrietako produktuak, ikusi, dastatu eta erosteko, azaldu dabe Konparsetako ordezkariek. Hori be Arenalean egingo dabe.

Lehiaketa gastronomikoari jagokonez, plater klasikoak izango dira aurten be, gehienak itsasotik harakoak: eguaztenean, txipiroiak tintan; eguenean, makailaoa bizkaitar erara; barikuan, makailaoa pil-pilean; eta zapatuan, marmitakoa. Horrezaz gan, astelehenean, %100 begetalak izan beharko diran patatak saltsa berdean egin beharko ditue lehiakideek; patata-tortillea martitzenean; eta buztan gisaua azken domekan.

Bestetik, parrilladak be izango dira: lehenengo domekan bertoko edo zero kilometroko ortuarien parrilladea, %100 begetalak zein okeladunak, eta azken zapatuan, hegaluze parrilladea.


Konparsek transmisinoari garrantzi handia emoten deutsien ezkero, aurten be Gastro Txiki atala egongo da Arenalean. Sukaldatzen ikasten lemapean, umeek praktikatuz ikasiko dabe kozinetan: astelehenean askotariko ensaladak egingo ditue, eguaztenean gildak eta barikuan fruta-brotxetea.

Urtetik urtera, gastronomiaren inguruko jarduerak Bilboko Aste Nagusiko hitzordu estimatuenen artean egoten dira, eta hori positibotzat jo dabe Konparsetako ordezkariek. Herritarren parte-hartze itzela lortu izan dogu eta egun batzuetan arrakastaz zoratzeko zorian egon gara. Horrek pozten gaitu, hori izan dalako 1978tik buruan izan dogun erronkea, hau da, Aste Nagusia jai herrikoi eta parte hartzailea izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu