Fitok beste kontzertu bi emongo ditu Bilbon, urtarrilaren 5ean eta 6an

Bizkaie! 2022-08-09 10:03   Musikea

Abenduko saioetako sarrerak agortu egin dira.

Fito eta kideak, 'Cada vez cadáver' biran (argazkia: Fito y los Fitipaldis) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bagilean Fitok San Mamesen emon eban kontzertu jentetsuak, ase baino, gehiago biztu ditu zaleak, itxura batean. Izan be, abendurako Bilbon beste kontzertu bi iragarri eta berehala, sarrera guztiak agortu dira. Hortaz, beste emonaldi bi atondu ditu musikari bilbotarrak, leku berean, hau da, Euskalduna Jauregian. 2023ko urtarrilaren 5ean eta 6an izango dira. 

Ohiko moduan, Fito y los Fitipaldis bandeagaz urtengo dau oholtzara Fito Cabralesek, baina San Mameseko saioaren aldean diferentea izango da formatua, areto itxian eta publiko gitxiagogaz egingo diralako Euskaldunakoak, giro intimoagoan. Edozein kasutan, 2022-23ko Gabonetako kontzertuetan be Cada vez cadáver disko barriko kantuak entzun ahal izango dira, Fitoren beti-betiko pieza ezagunakaz batera.

Konbidadu bereziak be ekarriko ditu Fito y los Fitipaldisek Euskaldunara. Feten Feten taldeko Jorge Arribas eta Diego Galaz alboan izango ditue eta kolaboratzaileen artean Carlos Raya, Javier Alzola, Boli Climent eta Coki Gimenez dagoz.

Abenduko hitzordu biek eragin daben ikusmina kontuan hartuta, ikusteko dago kontzertu barri biak nahikoak izango diran zaleen gosea asetzeko. Abuztuaren 10ean, eguaztena, hasiko dira sarrerak saltzen, eguerdiko 12:00etan, 52 eta 80 euro bitarteko prezioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu