Aste Nagusi inklusiboaren aldeko pausuak Bilbon

Bizkaie! 2022-08-08 08:28   Pil-pilean

Pregoiak zeinu-interpretea izango dau eta egitaraua braillen argitaratu dabe.

Marijaiaren eskala txikiko erreprodukzinoa (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jaiak eta aisialdia herritar guzti-guztiek gozau deiezen, ezintasunak dituenei laguntzeko neurriak hartzen dira Bilboko Aste Nagusian urtero. Bilboko Udalak hamarkada bi inguru daroaz horretan, eta urteotako esperientzian oinarrituta, jai inklusiboak bermatzeko pausuak egingo ditu aurten be.

Aste Nagusiari ekiteko momentua eta ekitaldirik jentetsuenetako bat izaten da Arriaga plazako txupina. Itziar Lazkano aktoreak irakurriko dau pregoia abuztuaren 20an, eta zeinu-hizkuntzan be zabalduko dabe mezua, interprete bati esker.

Pergolan egingo diran umeentzako antzerkietan eta Gas plazako Kale Antzokian be zeinu-interpretea egongo da.

Ikusmen urritasunak dituenak be gogoan izan ditu Udalak, esate baterako, egitaraua braillez be argitaratu dabe. Besteak beste, turismo bulegoetan eta ONCEren egoitzan eskuratu ahal izango da programa egokitua. Irakurketa errazeko formatuan be irakurri ahal izango da egitaraua, baita jaietako aplikazinoko edukia be.

Jente ugari erakarten dituen jarduera batzuetan, ostera, mobikortasun urria dabenen irisgarritasuna bermatuko dabe. Gargantuak arrapalea izango dau, txu-txu trena egokituko dabe eta Txikiguneko ekintzak ikuspegi inklusiboa kontuan hartuta diseinau dira, eta begirale espezializaduak egongo dira. Aniztasun funtzionala dabenentzako lehentasunezko lekuak gordeko ditue Abandoibarrako eta Jasokunde eleizako kontzertuetan, Europa parkean eta, aurten lehenengoz, Balearen Desfilean.

Azkenik, aurreko urteetan jente ugari erakarri dauen Marijaiaren erreprodukzino txikia be ez da faltauko aurten. Txikigunean ipiniko dabe, eta nahi daben guztiek ikutu ahal izango dabe. Era horretara, ikusteko arazoak dituenek Marijaiaren ezaugarriak ezagutuko ditue, ikumenaren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu