Josune Arakistain: 'Aspertu egiten naz beti gauza bardinak egiteaz'

Dabi Piedra 2022-08-08 08:03   Barriketan

Musikaria.

Josune Arakistain trikitilariak bakarkako ibilbideari ekin deutso, Süne ezizena hartuta, gauza barriak probau eta helburu zehatzik jarri barik gogoko dauen musikea jorratzeko. Bakarkako proiektuaren lehenengo emoitzea Sunday kantua da, DJ Rikkigaz batera sortua eta bideoklip eta guzti datorrena (ikusi hemen). Trikitixea eta elektronikea buztartzen ditu pieza horrek.

Gaztetatik soinu txikiari helduta ibili da hara eta hona Josune Arakistain, txapelketetan lehenengo eta Huntza taldean gero. Gazte eta bapatean harrapau eban Huntzaren arrakasta ikaragarriak, baina Euskal Herriko zein atzerriko oholtza ugari ezagutzeko modua emon deutso. Eskarmentu gehiago pilotuta, gaur egun sekula baino gusturago dabil Huntzan. Beraz, Süne proiektua jaio dan arren, Huntza be aurrera doa.

1.- Badaroazuz urte batzuk Huntzan. Zerk bultzatu zaitu bakarkako proiektuari ekiteko?

Trikitixea eta elektronikea nahasten dituan musikea lantzeko gogoa neukan, euskeraz. Sunday singlea izan da bakarka plazaratu dodan lehenengoa, era horretako abesti bat sortzeko gogoa neukalako. Baina ikusi neban estilo hori ez etorrela guztiz bat Huntzagaz, eta erabagi neban neure aldetik ateratzea, eta bakarkako proiektuari ekitea. Asko pentsau bako pausua izan da, momentuan sentidu dodana egin dot, eta horregaz aurrera.

2.- Zelan hasi dozu bakarkako bide hau, ilusinoz, bertigoz...?

Egia esan, taldetik aparte zeozer sortzeak ardurea eragiten dau, ez daukazulako beste bost persona atzean babesteko. Bertigoa ez neuke esango, baina errespetua bai. Ahalegintzen naz ez pentsetan jenteak esango dauen horretan, baina momentu batzuetan galdetzen deutsat neure buruari ea jenteak zer pentsauko dauen, gustuko izango dauen... Batez be, neure buruagaz gustura geratzea da asmoa, bestelakoetan larregi pentsau barik, eta gero, jenteari gustau ezkero, ba ondo.

3.- Elektronikea eta trikitixea buztartu dozuz Sunday abestian. Trikitixeagaz sarri ikusi zaitugu, lehiaketetan zein Huntza taldean. Elektronikeagaz ze lotura daukazu?

Orain arte entzule izan naz, txiki-txikitatik gustau izan jat musika elektronikoa, ni Itziarrekoa naz eta han entzun izan da halako musikea. Orain arte trikitixeagaz jo eta su ibili naizen arren, elektronikea asko entzuten izan dot eta, azkenean, estilo biak bultzatzera heldu naz, ez dakit nahita edo nahi barik izan dan.

4.- Ze gehigarri emoten deutso trikitixeak elektronikeari? Eta alderantziz?

Ez dakit batak besteari ezer gehitu edo kentzen deutson, gehiago esango neuke bien arteko fusinoak zeozer barria dakarrela. Ez dot esango guztiz barritzailea naizenik, lehenago be egon dira trikitixea eta elektronikea buztartu dituen taldeak, baina niretzat barria da. Oraindino biak batzen ikasten nabil, badot zer ikasi. Ilusinoa egiten deust nahasketa honek, sensazino horrek aportatzen deust gehien.

5.- Ze erreferente izan dozuz bide barri honetan?

Elektronikearen alorrean, ni beti izan naz oso Avicii zalea, beste DJ asko be entzun izan dodaz, eta trikitixan Gose, Koban eta Euskal Herriko beste talde asko. Ganera, Gosek be trikitixea eta elektronikea nahastu izan ditu. Erreferente asko daukadaz, batzuek ni konturatu barik izango dabe eragina nigan, ziur. Sunday sortzeko be, iturri askotatik edan dot.

6.- DJ Rikki izan dozu alboan Sunday abestian. Zelan konpondu zarie alkarregaz?

Oso ondo, hasieratik erraza izan da abestia sortzea, ondo ulertu dogu alkar. Zaltasun batzuk izan doguz, bera mundu batetik datorrelako eta ni beste batetik, bion ideak buztartzea beharrezkoa izan da.

Aurrera begira be, ez dot baztertzen beragaz barriro lan egitea. Dana dala, bakarkako proiektu honetan momentuan momentukoan baino ez dot pentsetan, printzipioz libretik joatea da idea. Hurrengo kantua igual Rikkigaz egingo dot, igual ez, edo beharbada beste bidelagunen bat topauko dot. Edo ez da egongo beste kantarik, edo etorriko dira igual beste hogei. Ez dakit zer pasauko dan.

7.- Bizipoza, lagunak, udea... agiri dira Sunday kantuan eta bideoklipean. Horren azpian bada gehiagorik?

Gehienbat horixe transmitidu nahi izan dogu, kantuagaz zein bideoagaz. Melodia alaiak dira, oso udakoak... Proiektua sortzen ibili ginanean, negu partean, udea heltzeko gogoa genduala konturatu ginan eta pentsamendu horretatik sortu zan lehenengo melodia. Gero, bideoa eta beste guztia idea horren inguruan ibili dira. Udearen sensazinoa transmitidutea izan da helburua eta uste dot lortu dogula.

8.- Süne proiektuan momentuan momentukoak aginduko dauen arren, badozu hurrengo kanturen baterako idearen bat edo jorratu nahiko zendukeen zeozer?

Ez daukat idea zehatz-zehatzik, Sunday aurkeztu eta zabaltzeagaz badaukat nahikoa oraingoz. Süne sortu zanean garbi esan neban ez nebala helbururik jarri nahi, nahi dodanean nahi dodana sortuko dodala. Konturatu naz, Huntzagaz egin dodan ibilbidean zein nire bizitzan orokorrean, helburuak jarten badodaz neure burua gehiegi presionetan dodala eta helburu horreek pixka bat utopikoak izaten dira batzuetan. Oraintxe bertan, ez nago neure burua presionetako gogoz, nahiago dot gauzak lasai hartu, astiro-astiro joan, helburu txikiak ezarten. Dana dala, orain helburu txikirik be ez daukat, baina ezin da jakin, beharbada hurrengo astean barriro sartuko jat beste abesti bat sortzen hasteko gogoa. Holan ibiltea da asmoa, gero ez dakit zer etorriko dan.

Zuzeneko kontzertuak emotearen inguruan be ez dot asko pentsau. Bakarkako lan bakarra daukat oraindino eta uste dot ez dala momentua. Beharbada, hemendik urtebetera edo bira izan daiteke.

9.- Zure izena erabili beharrean, Süne aukeratu dozu bakarkako ibilbiderako. Zergaitik?

Josune Arakistain luzeegia begitandu jatan, eta original-originala be ez da. Baina ez neban neure izenetik gehiegi urrundu nahi, neuretzat be oso arrotza izango zan beste edozein izen hartzea. Orduan, Josune-tik azken lau letrak, Sune, hartu dodaz, eta puntu bi jarri, polit geratzeko. Ganera, Sune izeneko beste artista bat be badagoanez, u-aren ganeko puntu biek desbardintzeko balio dabe.

10.- Huntza taldean be segiduko dozu, betiko martxan. Bakarka kontzerturik emoteko asmorik ez dozu oraingoz, baina udan Huntzagaz oholtza ugari zapalduko dozuz.

Bai, oso gustura nabil Huntzan. Esango neuke sekula baino gusturako nabilela taldean, kontzertu pilo bat daukaguz, pandemia pasauta normal antzean gabiz barriro zuzenekoak emoten. Udan Huntzan zentrauko naz gehiago.

11.- Bapatean heldu zan Huntza euskal musikearen lehenengo lerrora, Aldapan gora abestiari esker. Harrezkero, gauzak lasaiago hartu ahal izan dozuez, kantu eta disko gehiago aurkeztu... Helduagoak be bazarie orain.

Bai, hori guztiz erabagigarria izan da. Huntza sortu zanean hogei urte inguru genduzan eta edade horregaz musika munduan bapatean sartuta, ez genkian oso ondo zelan funtzionetan eban horrek guztiak. Ez genkian kontzertu bat zelan emon. Bost-sei urteotan asko ikasi dogu, ikaste horrek eroan nau orain gehiago gozetera eta neure burua oholtza ganean hobeto ezagutzera.

Urteotan gauza barriak be probau doguz, kolaboratzaileak eta halakoak. Ni, behinik behin, aspertu egiten naz beti gauza bardinak egiteaz. Gero, danetariko eretxiak dagoz, talde bat aldatzen doanean beti dagoz zale batzuk lehenengo estiloa nahiago dabenak. Baina taldearen ibilbideak bilakerea dauen lez, personak be aldatu egiten gara, ikusi eta ikasi egiten dogu, beste talde, estilo eta abarretatik. Gu aldatzen goazen neurrian geure musikea be aldatu egiten da, hori ezin da bestela izan. Huntzagaz hori pasau da eta Sünegaz be bai.

12.- Eten barik aldatu bai, baina norantza aldatu nahi zenduke?

Ez neuke nahi inora jo, Sünegaz dodazan asmoez berba egin dodanean be gauza bera esan dot, beharbada hori dalako neure filosofia, nahi doguna egiten ea nora heltzen garen ikustea nahiago dot, helburu zehatzak ipini eta itsu-itsuan horra jo barik. Nahiago dot bidea begiak zabalik dodazala egin, momentu bakotxean non nagoan ikusteko.

Argazkiak: Josune Arakistain, Huntza eta Iratxe Etxeandia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu