Euskal musikagileen doinuak Zelanda Barrira helduko dira

Bizkaie! 2022-08-04 10:36   Musikea

Musika klasikoaren alorreko sorkuntza barria da World New Music Days-en ardatza.

Pandemiagaitik aurreko urte bietan bertan behera geratu zan arren, abuztu honetan bai, barriro  egingo dabe ISCM-World New Music Days jaialdia, Musika Garaikidearen Nazinoarteko Alkartearen (ISCM) urteroko hitzordua. 2022an mendeurrena ospatzen dabil ISCM, ganera. Musika klasikoaren alorrean sorkuntza barriak bultzatu eta zabaltzea da erakundearen helburua. Gaur egun, munduko 60 alkarte baino gehiago batzen ditu, tartean Euskal Herrikoak. Horri esker, 2022ko World New Music Days-en entzungo da euskal sortzaileen lana.

Hain zuzen be, Musika Bulegoa eta Musikagileak Euskal Herriko Konpositoreen Alkartea dira ISCMko kide, biak 2016tik. Horri esker, euskal sortzaileen eta beste herrialde batzuetakoen arteko topaketak egin ahal izan ditue Egipto, Errumania, Errusia, Frantzia eta Suitzan. Oraingo honetan, Zelanda Barrian interpretauko ditue bertoko konpositoreen lanak.

Auckland eta Christchurch urietan egingo da jaialdia, abuztuaren 23tik irailaren 1era. Bertan behera geratu zan 2020ko apirileko egitarauari eutsi deutse gehienbat. Dozenaka kontzertutan, orkestrak, ensembleak eta bakarlari profesionalak entzun ahal izango dira, musika elektronikoa, ikus-entzunezko emonaldiak eta instalazinoak hartuko dituan egitarauan, beti musika klasikoaren jokera barriak ardatz.

Euskal musikagileen ordezkariak Mikel Urquiza bilbotarra eta Juanjo Eslava nafarra izango dira. Urquizaren Cinq pièges bref piezak interpretauko ditue Zelanda Barrian, 2019ko Matan Givol Competition for Composers lehiaketan Bigarren Saria lortu eban biolin, biolontxelo eta piano hirukoterako lana. Eslavaren obrearen erakusgarri, Máscaras aurkeztuko da Aucklandeko Audio Foundation museoan.

Ganera, Mikel Urquiza Aucklanden bertan izango da, entseguetan zein abuztuaren 26an Q Theatre antzokian egingo dan lanaren aurkezpean. NZ Trio taldeak joko ditu Urquizaren konposizinoak.

Beste alde batetik, Musika Bulegoak ordezkaritzea bialduko dau Zelanda Barrira eta han egingo dan ISCMren Urteko Batzar Nagusian hartuko dabe parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu