Musikea Arenaleko kioskoan, Bilboko Aste Nagusiko goiz guztietan

Bizkaie! 2022-08-04 08:22   Musikea

Aiko Taldearen eta Eltziegoko Gaiteroen laguntzinoa izango dau Udal Bandeak.

Bilboko Udal Musika Bandearen kontzertua, Arenalean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urte biko etenaren ostean Bilboko Aste Nagusia bueltan da, eta Udal Musika Bandeak ez dau hutsik egingo urteroko hitzordura. Abuztuaren 21etik 28ra, goizero kontzertu bat egongo da, 12:00etan, estilo ugaritako errepertorioa herritarrei hurreratzeko. Udalaren arabera, pasodobleak, zarzuelak, klasikoak, soinu bandak, euskal musikea, jazza, jantzea eta gaitak entzun ahal izango dira.

Egunero gai zehatz bati lotutako doinuak interpretauko ditue. Esate baterako, Festarako musika eta Zarzuelako preludioak eta tartekoak dagoz egitarauko izenburuen artean. Ganera, urteroko ohitureari eutsi, eta kolaboratzaile bereziak izango ditue: abuztuaren 23an, Eltziegoko Gaiteroak eta 24an, Aiko Taldea.

Udal Musika Bandea zuzentzeko ardurea, Aste Nagusiko ziklo berezi honetan, José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak eta Iñaki Urkizu zuzendariordeak hartuko dabe, txandaka. Oholtzan, egunero 40 musikari inguru egongo dira.

Beraz, Bilboko Udal Musika Bandearen emonaldiak Kioskora bueltauko dira, taldearen leku kutunenetako batera. Izan be, Udal Bandeak hantxe emon eban lehenengo kontzertua, 1895eko bagilaren 9an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu