Milazak entzule erakarri ditu I. Bilbao Blues Festival-ek

Bizkaie! 2022-08-02 10:43   Musikea

Giro bikaina egon dala nabarmendu dau Udalak.

Argazkiak: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehenengo aldiz egin dabe Bilbao Blues Festival jaialdia, garagarrileko azken astegoienean, eta Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko zinegotziaren arabera, harrituta dagoz ekimenak izan dauen arrakasteagaz, aurreikuspenik onenak bete dira. Kontzertu nagusietan ez eze, bestelako jardueretan be jente piloa egon dala azaldu dau Ochandianok eta urian sortu dan giro bikaina be aitatu dau.

Udalak zabaldu dauen datuaren arabera, Arenalean jarritako agertokira 65.000 lagun inguru joan ziran jaialdiko hiru egunetan. Horri batu behar jako kioskoko kontzertuen zikloa eta kalerik kalekoan egondako jentetzea.

Horrezaz gan, Guggenheim Museoko egitarau didaktikoak be herritarren interesa biztu ebala dino Ochandianok. Emakumeak eta bluesa jorratu zituen berbaldi batean eta umeentzako kontzertu pedagogikoa be egon zan. Kasu bietan, edukierea ia guztiz bete zan.

Blues musikearen zaleak batzeko atxakia izan da festibala, Udalak azaldu dauenez. Bilboko eta inguruko zaleak ez eze, mundu guztitik etorritakoak be ibili dira Bilbon, esate baterako, Alemania, Suitza eta Kanadakoak. Jaialdiko zuzendari Carlos Mallesen arabera, kontzertuak entzuten etorritako publikoa, gehienbat, paketsua, edade ertainekoa eta klase ertain-altukoa izan da.

Bilbao Blues Festival-en lehenengo edizinoak izandako harrereagaz pozik agertu da Xabier Ochandiano zinegotzia: Gure erronkea izan da udan kalidadezko musikadun hitzordu bat atontzea, uriko egitarau kulturala osotuteko. Bluesa orain arte jorratu ez dogun estiloa izan da, eta ikusi dogu bilbotarrek eta bisitariek gustuko izan dabela.

Egitaraua goi mailakoa izan dala ganeratu dabe jaialdiaren arduradunek. Bilbon izan dira Bob Stroger eta Chicago All Stars, Shemekia Copeland, Alejo Stivel, Ronnie Baker Brooks, Dana Fuchs, Fantastic Negrito, Wax & Boogie feat Drew Davies, Noa & The Hell Drinkers, Blues Triumvirate, Flamingo Tours eta Micky & The Buzz.

Era berean, domekan Travellin' Brothers talde bizkaitarrak emondako kontzertu hunkigarria be azpimarratzeko modukoa da. Fito eta Mikel Erentxun konbidadu zirala, taldeko baxu jolearen seme hilbarria gogoan hartu eben, eta publikoaren babesa erabatekoa izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu