'Izaro: Natura eta Historia' erakusketea Bermeon

Bizkaie! 2022-08-02 09:57   Kulturea

Frantziskotarren komentuaren 600. urteurrena da ardatza.

Erakusketearen aurkezpena (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeoko Arrantzaleen Museoan erakusketa barria zabaldu dabe, Izaro: Natura eta Historia izenburuduna. Bizkaiko ugarterik handienaren, Izaroren, inguruko erakusketea da, frantziskotarrek han komentua eregi ebenetik 600 urte pasau dirala aprobetxauta. Hiru mendez Izaron egon zan komentuko objektuak eta jakingarriak dira ardatza, baina ugartearen ondare aberatsaren beste ezaugarri batzuk be jorratzen dira.

Anton Erkoreka eta Xabier Armendariz dira komisarioak. Azaldu dabenez, askotariko piezak batu ditue, berbarako, tailu eta irudi erlijiosoak, pieza arkeologikoak eta margolanak. Horreen bitartez Izaro ugartearen alderdi ugari azaltzen ahalegindu dira, Erdi Arotik gaur egunera arte.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao eta Arrantzaleen Museoko ordezkariak komisarioakaz batera izan dira erakusketearen inaugurazinoan. 2023ko martira arte bisitau ahal izango da.

1422an eregi eben komentua frantziskotarrek Izaron. Hortaz, aurten 600 urte bete dira. Ia hiru mendez egon ziran han (1719an lekualdatu zituen), eta sasoi haretako objektu artistiko aitagarrienak ikusi leitekez erakusketan.

Historia gorabeheratsua izan eban komentuak. Itsasoaren oldarraldien eraginez, bizimodu gogorra zan frantziskotarrena, eta korsarioen erasoa be sufridu eben. Era berean, Bizkaiko Foruak zin egitera etorten ziran errege-erreginen bisitak hartu zituen.

Komentuaren inguruko jakingarriez aparte, ugarteko faunea eta florea azaltzen daben panelak be badagoz erakusketan. Urdaibaiko Biosferearen Erreserbearen barruan dago Izaro. Urtero garagarrilaren 22an ospatzen dan Madalen Egunaren barri be emoten da, Izaro parte garrantzitsua dalako ospakizunetan.

Bestetik, literaturan eta zineman Izarok itxi dauen arrastoa be ezagutu leiteke Arrantzaleen Museoan, sortzaile askoren inspirazino izan da eta. Antonio Trueba idazlearen 1878ko Curiosidades histórico-literarias de Vizcaya liburuko kapitulu bat ugarteari buruzkoa da, eta Gabriel Arestik be aitatu eban Harri eta Herri liburuan. 

Erakusketa zabalik dagoan hileetan, jarduera osogarri ugari antolatuko ditue. Besteak beste, berbaldien zikloa eta Hegaluze ontzian ugartera bisitaldiak egongo dirala aurreratu dabe. Ganera, katalogoa argitaratzekoak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu