Koruak eta ganbera musikea, Donostiako 83. Musika Hamabostaldiari ekiteko

Bizkaie! 2022-08-02 09:14   Musikea

Gaurtik abuztuaren 27ra bitartekoa da egitaraua.

Liana Gourdijak eta Josu Okiñenak zabalduko dabe egitaraua, gaur, martitzena (argazkia: Donostiako Musika Hamabostaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Udako hitzordu kultural zaharrenen artean dago Donostiako Musika Hamabostaldia, aurtengo abuztuan 83. edizinoa beteko dau. Hain zuzen be, gaur, hilak 2, ekingo deutse egitarauari eta, 27ra arte, dozenaka kontzertu izango dira aukeran, uriko leku enblematikoetan zein inguruko beste herri batzuetan.

Musika tradizionalaren eta garaikidearen genero ugari batuko ditu 83. Musika Hamabostaldiak, zartzuela zein operatik hasi eta ganbera musikaraino. Aurtengoan, baina, ahotsari emon nahi deutse garrantzia, abesbatzei. Jaialdi batek nortasuna behar dau, aurtengo edizinoaren bereizgarria abesbatzak dira, adierazo dau Patrick Alfayak, Hamabostaldiko zuzendariak, lehenengo eguneko programea aurkezteko agerraldian.

Lehenengo eguneko egitaraua eguerdiko 12:00etan hasiko da. Kursaalean Liana Gourdija biolinisteak eta Josu Okiñena pianisteak bertoko eta kanpoko konpositoreen piezak interpretauko ditue; udaletxeko batzar aretoan, ostera, Trio Artio hirukote alemaniar-austriarrak Beethoven, Brahms eta Bonisen obrak joko ditu.

Abesbatzen protagonismoa begi bistakoa izango da lehenengo egunetik bertatik. Gaur, 18:00etan, Kea ahots taldearen emonaldia egongo da udaletxean. Pablo Sorozabal konpositore donostiarraren obrea da aurtengo ardatzetako bat, eta kontzertu horretan haren pieza ugari entzun ahal izango dira. Ondoren, 20:30ean, Oñatiko Ganbera Abesbatzea entzun ahal izango dogu San Bizente eleizan.

Sorozabalen obrea gogoratzeko beste ekitaldi nagusia eguenean, hilak 4, izango da, baina Donostiatik kanpo, Arantzazun. Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko txoko ugaritara helduko dira kontzertuak. Dana dala, Hamabostaldiko agertoki gehienak uriburuan dagoz: San Telmo Museoa, Artzain Onaren katedrala, Tabakalera, Victoria Eugenia...

Egitarau osoa irakurri eta sarrerak erosteko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu