I. Bilbao Blues Festibalak Fito eta Mikel Erentxun dakarz
2022-07-29 07:57 MusikeaBob Stroger-ek txapela jasoko dau, Bilbao Blues Festival Jaialdiaren saria.
Bilboko Udalak bultzatutako jaialdiaren lehenengo edizinoa garagarrilaren 29an, 30ean eta 31n izango da Arenalean eta Guggenheim Museoan; gainera blues generoan historian zehar egondako emakumeei buruzko berbaldi bat, boogie woogie eskolak eta umeentzako kontzertu pedagogikoak be izango dira TopARTE programearen barruan eta pinakotekearen 25. urteurrenean.
Danetara, 15 kontzertu eta jarduera eskainiko dira doban eta, horren bitartez, uribilduaren kulturea dinamizau nahi da.
Bilbao Blues Festival Jaialdiak Erronka Garbia egiaztagiria eskuratu dau Ihobe soziedade publikoaren eskutik eta horren bidez, ekitaldi jasangarria dala egiaztatu da.
Iragarritako kartelean Fito eta Mikel Erentxun Travellin’ Brothers bandearen kontzertuan gonbidatuak izango dira, hilaren 31n, domekan (22:30ean) eta artista biek be joko dabe.
Fito Cabralesek, Fito & Fitipaldis taldeagaz Cada vez cadáver Tour 27 kontzertuko bira jentetsua amaitu barri dauenak, hiru hamarkada baino gehiago daroaz kontzertuak emoten; kantari, gitarrista eta konpositore bilbotarra kontzertu historiko baten protagonista izan zan San Mamesen joan dan bagilean eta miloeka disko saldu ditu bere ibilbidean. Platero y Tú taldean hasi zan 1989an.
Bestalde, Mikel Erentxun donostiarra, hainbatetan izentau dabe Latin Grammy Awards eta Ondas sari nazional ospetsuetan urteetako ibilbideagaitik. Haren azken diskoagaz Amigos de guardia jentearen erantzun bikaina izan dau eta bertara batu ditu 37 urteko ibilbideko abesti ospetsuenetako batzuk. Lagun dituen lehen lerroko artistek lagundu deutse: Bunbury (Veneno), Maika Makowski (Cicatrices), Calamaro (A tientas), Diego Vasallo (Quién se acuerda de ti), Anni B. Sweet (Angel en llamas), Eva Amaral (Entre salitre y sudor)... Abeslariak udagoienean bira luze bat egingo dau AEBetako eta Mexikoko uri nagusietan zehar.
Amaiera indartsua izango da, izan be, Alejo Stivel, Tequila talde mitikoaren sortzaile eta abeslariak parte hartuko dau Raimundo Amadorren ordez; kontzertua garagarrilaren 30ean izango da, 22:15ean.
Bilbao Blues Festival Jaialdiko lehenengo edizinoan nazinoarteko artistak be izango dira, besteak beste, Bob Stroger eta Chicago All Stars, Ronnie Baker Brooks, Dana Fuchs, Shemekia Copeland, Fantastic Negrito, Wax & Boogie feat Drew Davies, Noa & The Hell Drinkers, Flamingo Tours, Blues Triumvirate, Micky & The Buzz eta Bilboko Travellin’ Brothers taldea.
Bob Stroger: Bilbao Blues Festival Jaialdiaren saria
Bob Stroger (Haiti, Missouri, 1939) blues generoaren legendea, bajista eta abeslari handiak, garagarrilaren 30ean, zapatuan, jasoko dau Bilbao Blues Festival Sariaren txapela. Ibilbide luzean, XX. mendeko bigarren erdialdeko talderik garrantzitsuenetako kide izan zan Stroger: Ottis Rush, Jimmy Rogers, Sunnyland Slim, Willie Mabon, Snooky Pryor, Eddie Taylor, Pinetop Perkins...
70eko eta 80ko hamarkadetan, American Folk Blues Festivaleko atal erritmikoa egin eban Oddie Payne artisteagaz batera eta beste batzuekaz be ibili zan, besteak beste, Carey Bell, Lousianna Red eta Jimmy Rogersegaz. 90eko hamarkadan bere taldea zuzentzen hasi eta mundu osoan kontzertuak emon zituan.
Nazinoartean ospetsua dan erakundea
Jaialdiaren sustatzaileek, Crazy Blues, nazinoarteko saririk garrantzitsuenak ditue musika generoa bultzatzeari jagokonez: BBSA saria, sustatzaile onenarena (Blues Behind the Scenes Award), Azoreetan European Blues Union-ek emondakoa, 2019. urtean eta K.B.A. saria, nazinoarteko jaialdi baten antolaketarik onenari (Keeping the Blues Alive), 2015. urtean emondakoa eta, azkenik, munduko aintzatespenik handiena, Memphiseko Blues Foundation-ek emondakoa.
Egitaraua
Garagarrilak 29
Guggenheim museoko auditoriuma
11:00 Kontzertu pedagogikoa
Arenalean
19:00 Micky & The Buzz
20:30 Ronnie Baker Brooks
22:15 Dana Fuchs
Garagarrilak 30
Guggenheim Museoko auditoriuma
11:00 Berbaldia: Divak eta borrokalariak. Emakumeak blues generoaren historian.
Arenaleko kioskoa
12:30 Flamingo Tours
14:00 Blues Triumvirate
Arenalean
19:00 Noa & The Hell Drinkers
20:30 Chicago All Stars (Bob Strogerrek txapela jasoko dau, Bilbao Blues Festival Jaialdiaren saria).
22:15 Alejo Stivel.
Garagarrilak 31
Alde Zaharra
12:00 Granujas a todo Ritmo Dixieland.
Arenalean
11:30 Edade guztietarako Boogie Woogie jantza eskolak.
12:30 Wax & Boogie.
14:00 Chicago All Stars.
Arenalean
19:00 Shemekia Copeland.
20:45 Fantastic Negrito.
22:30 Travellin’ Brothers + Fito + Mikel Erentxun.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!