Sei finantza erakundek pausuak emongo ditue III. Euskaraldian
2022-07-28 13:23 Euskerea berbagaiBankoa-ABANCA, BBVA, CaixaBank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxa dira asmoen barri emon dabenak.
Zemendiaren 18tik abenduaren 2ra egingo dan Euskaraldiaren hirugarren edizinoan parte hartu eta ahalik eta bulego gehienetan ariguneak osotuko dituela adierazo dabe aitatutako finantza erakundeek, Euskaraldiko koordinatzaileagaz eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuagaz egindako agerraldian.
Euskaltzaindiak Bilbon dauen egoitzan egindako agerraldia erabili dabe Euskaraldiaren atontzaileek era guztietako erakundeei ohartarazoteko Euskaraldian parte hartu eta ariguneak osotu deiezan, izan be, urte birik behin egiten dan ariketa sozialean hizkuntza ohiturak aldatu eta euskerearen erabilerea handitzea da helburu nagusia eta, horretarako, oso garrantzitsua da euskerea erabilteko gune erosoak sortzea. Gune horreen sorreran erakunde, enpresa, alkarte zein era guztietako eragileek ekarpen garrantzitsua egin leikiela gogoratu dabe ekimenaren atontzaileek.
Arlo sozioekonomikoan eragin nabarmena daben erakundeek euskerearen erabilerea bultzatzeko eragile garrantzitsuak eta bide erakusleak izan daitekezala adierazo dau Euskaraldiko koordinatzaileak. Horregaitik, eskerrak emon deutsez finantza eerakundeetako ordezkariei euren erakundeetan erronkak proponiduteko egin daben lanagaitik.
Ariguneak hizkuntza ohituren aldaketan eta euskerazko praktika linguistikoak idartzeko sano garrantzitsuak dira eta hori azpimarratu dabe, euskerea erabilteko gune babestuak izateak erabilerea errazten dabelako.
Maiatzaren 18tik dago zabalik epea baina erakunde guztiek jakin behar dabe izena emon edo berretsi leikiela izen-emotea hemen. Era berean, herritarrek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emoteko edo parte hartzea berresteko aukerea izango dabe.
Hirugarren edizinoan be euskerearen erabilerea indartu eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko erronkak jarri eta betetea da asmoa, erronka horreetatik gizartean aldaketea eragitea dalako helburua.
Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dabe Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Bankoa-ABANCA, BBVA, CaixaBank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxa finantza erakundeetako ordezkariek.
Goiatz Urkijo Kastañares, Euskaraldiko koordinatzailearen eretxiz, oso garrantzitsua da gure gizartean eta egunerokoan hain presentzia zabala daben erakundeek euskerearen erabileran urratsak emotea. Finantza erakundeetan zein bestelako erakundeetan euskerearen erabilerarako gune erosoak sortu, zabaldu eta ikusgarri egitea, euskereari eta euskaldunoi ateak zabaltzea da, izan be, Euskaraldian jaso ditugun bizipen eta testigantzek baieztatzen daben modura, gure egunerokoan erabilten ditugun zerbitzuetan euskeraz lasai eta eroso ibilteko espazioak eskaintzen jakuzanean, euskerearen erabilera indartu egiten da.
Bingen Zupiria Gorostidi, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak adierazo dauenez: Finantza erakundeek Euskaraldiagaz bat egitea sano garrantzitsua da, euren eragin esparrua handia dalako, herritarrakaz hartu-emon zuzenak dituelako eta gizartean oso errotuta dagozan erakundeak diralako.
Nuria Agirre Unzueta, Laboral Kutxako Personak eta Baliabideak sailekoak zehaztu dauenez, Euskaraldiaren aurreko edizino bietan be parte hartu genduan, erakunde le, eta esperientzia oso baliogarriak izan ziran: lankideon sensibilizazinoan eragiteko, hizkuntza-ohitura batzuk aldatzeko, euskaldunak agerian jarteko, euskeraz gehiago egiteko bezeroakaz eta lankideakaz... 500 lankide baino gehiago izan ziran ahobizi edo
belarriprest eta 150 arigune baino gehiago sortu genduzan gurean.
Aurtengo Euskaraldian Laboral Kutxak erronka nagusi bi izango ditu: Lankide gehiagok parte hartzea eta arigune gehiago jartea martxan; bigarren erronkea, Euskaraldiaren ariketea entrenamendua izatea, oinarria, etorkizunean egin beharko dogunerako probea eta martxan jarten dan dinamikeak jarraipena izatea; nahiko geunek arigune horreek jarraitzea abenduaren 3tik aurrera be eta egindako ahaleginari etekina
atara.
Ana Urkiza Ibaibarriaga, Bankoa-ABANCAko Euskera koordinatzailea: Euskaraldiaren aurreko edizinoek Bankoa-ABANCAri ekarri dieutsozan onuren artean, naturaltasuna eta onarpena azpimarratuko neukez. Batetik, banketxe bezela euskerea hartu-emon-hizkuntzea izateko egiten gabizen lanari ikusgarritasuna emon deutso. Bestetik, egiten ganizen lana naturaltasunez bizi ahal izan dau bezeroak, naturaltasunez onartuz euskeraz gauzatzen dan komunikazinoa. Eta azkenik, esparru edegia eskaini deusku Euskaraldiak, bai banketxeak eta bai bezeroak euskeraz naturaltasunez erabilteko plaza lez identifikau daitekelako.
Edizio berriari begira, erronkea da ahalik eta bulego gehienak identifiketea arigune lez eta berauotan, naturaltasun eta normaltasun osoz sustatzea, banketxearen eta bezeroaren arteko hartu-emonak, euskeraz.
Jaione Lamy Insausti, Kutxabank-eko Banka Instituzionaleko zuzendaria: Ariketa honek esperimentazinorako babesgunea eta aukerea emon deuskuz ikusteko lana euskeraz be egin ahal izateko gainditu beharreko zailtasunak zeintzuk diran, bai norberak, baita erakundeak berak be. Erakundeari jagokonez, euskerearen ahozko ezagutzea kudeatzetik erabilerea kudeatzerako urratsa emoten hasteko markoa erraztu deusku.
Iratxe Sainz Arenzana, Nafarroako Rural Kutxako Bizkaia eta Arabako erakunde saileko arduraduna: 2020ko Euskaraldiak jarrera aldaketa bat ekarri zigun bai gizartera eta baita Rural Kutxara. Egun horietan zehar euskararekiko egin genituen ekimenak eta hartu genituen ohiturak egunerokotasunean finkatzea dugu helburu.
Igor Goienetxe Olaeta, CaixaBank-eko Negozio arloko zuzendaria: CaixaBank-en lana egiten dugu gizartean eta arlo sozioekonomikoan euskararen normalizaziorako. Euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial handiagoa lortu nahi dugulako, hizkuntzen eta hiztunen elkarbizitza helburua dugu. Eta horregatik Euskaraldiarekin bat egin genuen 2018an.
Euskal kultura eta euskara babestea guztion ardura izan behar da. Eta hau gaur hemen bildu garen erakunde guztion ibilbide-orrian bihurtu behar dugu. Euskalradiak hori ekarri behar digu eta helburu nagusia bai langileon zein bezeroen hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera handitzea izan behar da. Hauxe da gure helburua eta guztiona.
Ana Teresa Bengoa Simón, BBVA-ko Ipar-zonaldeko Injinerutza zuzendaria: Bilbon jatorria dauen erakunde gara, oinarrizkoa euskal gizartearen aurreko inplikazinoa, gizarte horretako kide baikara. Euskerearen erabilerea eta bultzadea gure konpromisoetako bat da eta egunero bide horri jarraitzen ahalegintzen gara. BBVAn gure babesa adierazo nahi dogu etenbarik eta alkarregaz aurrera egin, gure bezeroei zerbitzurik onena eskaintzeko eta gizarte integratzaileago bati ekarpena egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!