Bilbo Kulturartekoan, 8 kontzertu

Bizkaie! 2022-07-28 09:11   Musikea

Plaza Barrian izango dira hitzorduak, 23:30ean hasita.

Munduko erritmoak hartuko ditu Aste Nagusian Plaza Barriko agertokiak. Abuztuaren 20an, zapatuan, hasi eta 27rarte, 23:30etik aurrera, Euskadi, Galizia, Afrika, Ukraina edo Kubako artistek munduko kultura desberdinekin gozatu eta ondo pasatu gura dutenak dantzan eta zirraraz jarriko dituzte.

Plaza Barriko kontzertu-zikloa abuztuaren 20an, zapatuan, hasiko da, Estaduko reggae musikako ekitaldirik beteranoenagaz: XXIX. Bilbo Reggae Splash. Aurten, kontzertuak omenaldia egingo deutso 2020ko maiatzean hildako Roberto `Dubby Ambassah Martinez musikari, produktore eta abeslariari. Hiru hamarkadatan haren irudiaren inguruan ibilitako hainbat musikari eta artistak hartuko dabe parte ekitaldian, Dub Generation taldeak, Benjammin kantari britainiarrak, Akatz ska talde ezaguneko Unai "Bita" Quecedo bilbotarrak eta Inés Pardo kantabriarrak, besteak beste. Eta hori guztia, bere ibilbidean zehar hainbat musika-proiektutan Dubbyren lankide izandako Roberto Sánchez produktorearen zuzendaritza eta koordinazinopean.

Domekan, abuztuaren 21ean, VALÉRIE EKOUMÉren txandea izango da. Aste Nagusian, afropop abeslariak Monè bere hirugarren diskoa aurkeztuko dau. Bertan Kamerungo sustraietan sakontzen dau, Kamerungo berezko erritmoak nabarmenduz, berbarako, Assiko edo Essèwè.

Astelehenean, abuztuaren 22an, flamenkoaren, saltsaren eta jazzaren arteko fusinoa maite dabenek hitzordu garrantzitsua izango dabe PATAXen eskutik. Taldeak jazz fusinoko handien erreleboa jasoten dau, Weather Report, Koreako La Electric Band, Herbie Hancock edo Zawinulena.

Martitzenean, abuztuaren 23an, LUAR NA LUBRE taldeak Galiziako kulturea ekarriko dau Bilbora. Taldearen musikeak bat egiten dau Europako folk musikearen korronteagaz.

Jaien erdialdean, abuztuaren 24an, HUDAKI Village Band-egaz gozau ahal izango da. Ukrainako Karpatoetatik datorren talde horrek eslaviar ahots-tradizinoa, errumaniar melodiak, juduen erritmoak eta ijitoen tenperamentua ekarriko ditu Aste Nagusira.

BILBAO FLAMENCO taldeak kontzertua eskainiko dau eguenean, abuztuaren 25ean eta artista flamenkoen belaunaldi oso bati gorazarre eta omenaldi egiteko konposatutako Jerez de la Morena ikuskizuna hurreratuko dau uriburura. Omenaldi berezia, kantari, konpasaren eta soinu flamenko jerezarraren maisu eta Bizkaiko uriburua askotan bisitau eban Fernando de la Morena desagertuari.

Barikuan, abuztuaren 26an, Plaza Barriko agertokian EÑAUT ELORRIETA agertuko da eta azken lana eskainiko deusku: Irteera argiak. Artistearen azken album hori azken urteetan egindako ibilbidearen ondorio zuzena da. Kantariak barriro hunkituko ditu ikus-entzuleak bere abesti gozo eta sentikor barriakaz.

Aste Nagusiko gauak, ALAIN PÉREZ ETA LA ORQUESTA abeslari eta multi instrumentisteak zarratuko ditu abuztuaren 27an, zapatuan, fusinoz betetako ikuskizunagaz. Kubatar son tradizionala, saltsa, tinba eta funk eta soul ikutuak be izango ditue lagun Aste Nagusiaz gozetan hurreratzen diren bilbotarrek eta bisitariek.

Egitaraua

Zapatua 20: XXIX. BILBO REGGAE SPLASH.
Domekea 21: VALERIE EKOUME.
Astelehena 22: PATAX.
Martitzena 23: LUAR NA LUBRE.
Eguaztena 24: HUDAKI VILLAGE BAND.
Eguena 25: BILBAO FLAMENCO.
Barikua 26: EÑAUT ELORRIETA.
Zapatatua 27: ALAIN PÉREZ Y LA ORQUESTA.

Bilboko Udalak gustu eta ikus-entzule guztientzako musika eskaintza zabala atondu dau jaietarako uriko 8 lekutan. Munduko hainbat lekutatik heldutako kontzertu horreek 2022ko Aste Nagusirako programautako dobako 100 musika-ekitaldi baino gehiago jasoten ditue, kalitatea, aniztasuna, bardintasuna, parte-hartzea eta dobakotasuna izango dira Aste Nagusirako jai-programazinoaren ezaugarriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu