Goiatz Urkijo: 'Ekitea oinarrizkoa da erabileran aurrera egin gura badogu'

Koldo Isusi Zuazo 2022-08-01 07:55   Barriketan

Euskaraldia (koordinatzailea).

Euskaraldia, euskerea ulertzen daben hiztunen arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da. II. Euskaraldian 180.000 lagun inguruk parte hartu eben eta aurten, Hitzez ekiteko garaia goiburupean, zemendiaren 18tik abenduaren 2ra egingo dan III. Euskaraldian kopuru horrek txiki ixtea da
asmoa.

1.- Garagarrilaren 28an, sei finantza erakundek Euskaraldian izango daben parte hartzearen barri emon zenduen (Abanca-Bankoa, BBVA, Caixabank, Caja Rural Navarra, Laboral Kutxa eta Kutxabank). Zabalik dago erakundeek Euskaraldian parte hartzeko aukerea. Aurreikuspenak zelakoak dira?

Jakina. Euskaraldian parte hartuz euskeraz lasai berba egiteko espazioak sortuko dituela azaldu dabe sei finantza erakundeek. Ariguneak sortzen dagozan erakunde guztiek izena emon badabe edo emon gura badabe, zehaztasun guztiak ditue hemen

Oso garrantzitsua da gure gizartean eta egunerokoan hain presentzia zabala daben erakundeek euskerearen erabileran urratsak emoteko erronkak zehaztea, Euskaraldiagaz bat eginez. Finantza erakundeetan zein bestelako erakundeetan euskerearen erabilerarako gune erosoak sortu, zabaldu eta ikusgarri egitea,
euskereari eta euskaldunoi ateak zabaltzea da, izan be, Euskaraldian jaso ditugun bizipen eta testigantzek baieztatzen dabenez, gure egunerokoan erabilten ditugun zerbitzuetan euskeraz eroso ibilteko espazioak eskaintzen jakuzanean, euskerearen erabilerea indartu egiten da.

Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak be esan dau finantza erakundeek Euskaraldiagaz bat egitea sano inportantea dala, euren eragin esparrua handia dalako, herritarrakaz hartu-emon zuzenak dituelako. Gizartean oso errotuta dagozan erakundeak dira. Euskerearen erabilerearen sustapenari jagokonez, uriguneetan rol garrantzitsua bete leikie.

Ana Urkiza Ibaibarriaga, Bankoa-ABANCAko Euskera koordinatzailearen eretxiz, Euskaraldiaren aurreko edizinoek Bankoa-ABANCAri ekarri deutsozan onuren artean, naturaltasuna eta onarpena nabarmenduko neukez. Banketxean euskerea hartu-emonetarako hizkuntzea izateko egiten gabizen lanari ikusgarritasuna emon deutso. Gune edegia eskaini deusku Euskaraldiak.

Edizino barriari begira, erronkea da ahalik eta bulego gehienak izan daitezala Arigune eta berauetan, naturaltasun eta normaltasun osoz sustatzea, banketxearen eta bezeroaren arteko hartu-emonak euskaraz.

Ganerakoan, aurreikuspenak dira bigarren edizinoan sortu genduzan Ariguneak indartzea eta hirugarren honetarako egoerea ez da txarra, izan be, aitatu dozuzan sei banku horreezaz gan, badago aukerea gehiago be batzeko urriaren erdialdera arte eta irailaren 28an zabalduko dogu norbanakoek izena emoteko epea, Ahobizi eta Belarriprest izateko. Arigune izatea Euskaraldiak taldean egiteko proposamena da eta finantza erakunde zein kirol talde, enpresa, Gobernuz Kanpoko erakunde eta holakoentzat be badago lekua.

2.- Belarriprest eta Ahobizi jardutea badakigu zer dan baina Ariguneak kolektiboen lana eta jarduna bideratzeko ei dira. Ariguneak osotu eta ahalik eta arlo gehinetan eragitea da asmoa baina nork gidatuko dau erakunde, klub eta talde bakotxaren errealidadea?

Gure proposamena da enpresa edo kolektiboetako zuzendariek, euskera arduradunek eta holakoek egitea gidari lana, inork baino hobeto ezagutzen dabelako euren arloa eta enpresea. Finantza erakundeen zerrendea emon dogu ezagutzera eta oso pozik gagoz euskereagaz bat egin dabelako.

3.- Belarriprest eta Ahobizi aldi berean izan daiteke persona bat edo erakunde bat?

Ez. Belarriprest izan daiteke persona bat eta Ahobizi beste norbanako edo persona bat izango da. Kolektiboentzako, barriz, Arigune izateko aukerea eskani dogu eta oraingoz pozik gagoz.

Ahobiziak izango dira beti euskeraz berba egingo dabenak, aurrekoak euskeraz dakienean; lehenengo berbea euskeraz izango da eta alkarrizketa elebidunetan euskereari eutsiko deutse eta, bestetik, Belarriprest dago, alkarrizketotan euskeraz egin lekien personakdira baina eurek erabagiko dabe noiz eta nogaz egingo daben euskeraz.

Norbanakoak identifiketako paparrean txapa bat ikusten dogunean, berehala jakingo dogu zelan jokatuko dauen eta Arigune diran kasuetan be bardin eurak be Belarriprest eta Ahobizi dirala jakingo dogulako. Euskaraldiak babestu egiten gaitu.

4.- Pandemiaren gorabeherak gorabehera, etenaren ostean dator III. Euskaraldia. Herritarrak aktibau eta euskerearen erabilerea indartzea dira helburuak?

Bai. Euskaraldiak aukerea emoten dau gune babestuak bideratu eta sortzeko eta hizkuntza ohiturak aldatu gura badoguz euskereak espazio gehiago izatea nahitaezkoa da.

5.- Euskera gitxi erabilten zan enpresa eta erakundeetan nabarmen egin da aurrera Euskaraldiari esker. Adibideren bat emon zeinke?

Enpresa eta erakunde handi eta txikiek parte hartzen dabe eta hori gura dogu jentea jaubetu daitela zenbat eta gehiago izan, euskerea indartu egingo dala. Gure etxe azpiko okindegia, jatetxea zein harategia, jantza taldeak, guraso alkarteak, holakoak behar doguz, zenbat eta gehiago hobeto.

6.- Hitzez ekiteko garaia goiburupean dator Euskaraldia aurten. Hizkuntza ohituretan eragitea ez da bape erraza...

Ez da erraza. Pandemiak ez dau lagundu, arlo askotan eragin negatiboa igarri dogu eta, esangura horretan, aurtengo goiburuak horixe adierazoten dau, hitzez ekiteko garaia dala, berba egiteko momentua, ekitea oinarrizkoa dalako erabileran aurrera egin gura badogu. Pandemiaren ostean herritarrak aktibau gura doguz.

7.- II. Euskaraldian 180.000 persona batu zirana. Aurten zein da prebisinoa?

Gehiago batzea da asmoa, III. Euskaraldian salto kualitatiboa emon gura dogu. Ikusarazo gura dogu Euskaraldia tresna baliogarria, eragingarria dala eta erakunde, talde eta norbanakoei be eskatzen deutsagu euren lorpenak bistaratu deiezan.

8.- Herriz herri batzordeetan dabizenen lana nabarmendu behar dogu. Zein da euren zeregina?

Herri, auzo zein eskualdetan dabiz beharrean, hartu-emonetan erakunde, alkarte eta holakoetara informazinoa helarazoten eta eurak dira Euskaraldiaren motorra.

9.- Zer da Euskaraldia?

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial erraldoia, leku guztietara zabaldua. Helburua da herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskerearen erabilerea handitzea, inertziak apurtzea, herriz herriko euskaltzaleen artikulazinoa bultzatzea.

Aurtengoari III. Euskaraldiari jagokonez, irailaren 28an Bilboko Kafe Antzokian egingo dogu ekitalditxua baina herritar danak animau gura dodaz Euskaraldian parte hartu deien. 

10.- III. Euskaraldiaren kantua be ezagutzen dogu, Andoni Egañaren berbak dituana...

Bai. Esazu hitz bat izenburukoa da. Xabier Zabalaren musikea eta Andoni Egañaren berbak. Eta ez daiguzan ahaztu abeslariak: Aiora Renteria, Petti, Maddalen Arzallus, Ainhoa Larrañaga eta Andoni Egaña bera.

Musikarien artean, Igor Telletxea bateria, Ritxi salaberria baju-jolea, Ruben Caballero gitarristea, Harkaitz Martinez Urriza eta Mikel Ugarte (Oreka Tx). Victor Sanchezen eskutik egin dira grabaketea, nahasketea eta masterizazinoa, Elkar estudioan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu