Unibertsitate sareko 33 ikasle euskerea ikasten dabiz Zornotzan
2022-07-26 08:43 Euskerea berbagaiEtxepare Euskal Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskerea ikasteko egonaldiak egiteko bekak.
Etxepare Euskal Institutuaren unibersidade sarean euskerea eta euskal kulturea ikasten daben ikasleetako 33k aurrez-aurreko ikastaro trinkoa egingo dabe Zornotzako Aurten Bai Barnetegian eta beste 16k, barriz, online ikastaroa.
Etxepare Euskal Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskerea ikasteko egonaldiak egiteko bekak. Aurten, izen-emote kopurua inoizko altuena izan da eta, beraz, eskariari erantzuna emon eta inor kanpoan ez ixtelo, beka kopurua handitu egin da.
Lehenengoz, egonaldiak txanda bitan egingo ditue: Lehenengoan, garagarrilaren 18tik 29ra, egongo diran 16 ikasleak Zornotzan dira eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak harrerea egin die. Bost ikasle Kataluniatik etorri dira; Mexikotik lau; Alemania, Frantzia eta Txekiar Errepublikatik bi, eta bat Poloniatik. Euren euskera mailearen arabera kokatu ditu klaseetan, barnetegian dgozan beste ikasle batzuekaz batera, gehienak A1 mailan. Egonaldiaren helburua da euskalduntzearen mailan bat egitea. Aitatu egunetan, beste 17 ikaslek online ikastaroa egingo dabe, nork bere herrialdetik.
Bigarren txandan, abuztuaren 1etik 12ra, 17 ikasle etorriko dira: Poloniatik eta Finlandiatik hiru; Errusia, Mexiko eta Alemaniatik bi; eta Argentina, Uruguai, Japonia, Italia eta Kataluniatik ikasle bana. Ikasleek Aurten Bai-ko programea jarraituko eta bertan hartuko dabe ostatu.
Ikasleetako bik, Institutuak urtero atontzen dauen idazlan lehiaketea irabazi ostean, egonaldia eta euren herrialdeetatik Euskal Herrirako joan-etorria ordainduta dabe. Aurten jasotako 14 idazlanen artean, Maria Fernanda Garduño mexikarrarena izan da hautatua. UNAM unibersidadeko ikaslea da bera eta lehenengo txandan dabil egonaldia egiten. Igazko irabazlea, ostera, Natalia Meteleva Moskuko Lomonosov Unibersidadeko ikaslea da eta bigarren txandan parte hartuko dau, lehengo urtean, Covid-19 pandemiaren ondorioz, egonaldia bertan behera geratu ostean.
Ondokoak ez dira 2022. urtean zehar Euskal Herrira euskerea ikastera etorritako ikasle bakarrak, izan be, urtarrilaren 17tik 28ra, Txile eta Uruguaiko ikasle banak egin zituelako aurrez-aurreko ikastaro trinkoa eta bederatzik onlinekoa.
Euskerea ikasteko bekak
Atzerrian euskerearen eta euskal kulturearen irakaskuntzea, ikusgarritasuna eta zabaltzea helburu, Etxepare Euskal Institutua eta Aurten Bai Fundazinoaren arteko hitzarmenari esker, Institutuaren nazinoarteko unibersidade sareko ikasleek Zornotzako Aurten Bai barnetegian euskerea ikasteko egonaldia egiteko aukerea dabe. Etxeparek eta Aurten Bai Fundazinoak erdibana beregan hartu dabe ikastaroaren, ostatuaren eta otorduen kostua eta ikasle hautatuek asegurua eta bidaia ordaintzen dabe. 2020. urtetik online ikastaroa be eskaintzen da. Aurten euskara bai! idazlan lehiaketea atontzen dau Etxeparek urtero, unibersidade sareko ikasleei zuzenduta. Irabazleari, egonaldia eta bere herrialdetik Euskal Herrirako joan-etorria ordaintzen deutso.
Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, munduko 35 unibersidadetan emoten dira euskera eta euskal kulturako klaseak eta 1300dik gora dira euskal ikasketakaz lotutako gaietan matrikulauta dagozanak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!