Josu Bergarak 'Errekara' abestiaren bideoklipa zabaldu dau
2022-07-22 08:01 MusikeaJosu Bergara Aretxabaleta (Ea, Bizkaia, 1979) abeslari eta konpositore bizkaitarrak Eako jaietarako martxa estiloko obrea sortu dau. Errekara izenburua dauen obra honen proiektua orain hiru urte lantzen hasi zan. Bilboko Konserbatorioko irakasle ohia eta pianistea dan Agustin Bergara haren aitagaz batera ibili da. Sorozabal edo Sarriegik sortutako martxetan inspirauta, San Juan jaietarako musika berezia sortzea erabagi eben.
Obrea sortzeko eta grabetako herritar askoren parte hartzea izan dabe. Abestiaren berbak Karmelo Landa Mendibek idatzi ditu. Iholdi Beristain eta Naroa Gaintza abeslariak Josu Bergaragaz batera ahots printzipalak grabau ditue. Horrezaz gan, herritarrak osotzen daben koro batek kantetan dau. Grafikeari jagokonez, Ramon Lejardi bertako artisteak be, single-aren distribuzino digitalerako azala diseinau dau.
Josu Bergarak sortutako musika originala orkestrarako moldaketea Mikel Nuñez Lauzirika pianista durangarraren ardurea izan da. Grabaketan Ardoa Barrura Fanfarreak interpretazino musikala egin dau. Basauriko Blue Bayou estudioan egin dabe, David Sanchez Damian teknikari eta produktorearen gidaritzapean.
Pieza musikala bagilaren 26an herrian bertan estreinau eben. Kostako Vibes bideogile bermeotarrak bideoklip batean jaso dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!