Sabino San Vicente: 'Eginahalak egin doguz sortzaileen lana gurean txertatzeko'
2022-07-25 08:00 BarriketanEuskaltel Fundazinoko zuzendaria eta Euskal Encounter-eko koordinatzailea.
Garagarrilaren 22tik 25era, Barakaldoko BEC Erakustazokan egindako euskal informatika-hitzordu handiak 30. edizinoa bete dau jarduera agenda zabalagaz: gaming lehiaketa profesionalak eta eremu barri bat be izan da, streaming, eduki-sortzaileentzat, 300 jarduera baino gehiago. Barrikuntzen artean, azpimarratzekoa da Streaming atal barria, eduki-sortzaileei zuzendua. Arlo barriagaz batera, aurreko urteetan atondutakoei eutsi jake: sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak, ekintza ludikoak...
Pandemiaren amaiereak ekarritako albiste onena Opengunea berreskuratzea da. Partyan izena emon dabenei eta publiko orokorrari edegitako gune honetan informatika-sektoreko enpresek euren produktuak aurkeztu ditue eta teknologiaren inguruko berbaldi zein tailerrak eskaini dira doban. BECera hurreratzen
diranek gune honek hartuko dituan dozenaka ekintza hezigarri eta ludikoetan parte hartu ahal izan dabe. Programautako berbaldietan, adimen artifiziala, errealidade areagotua, zibersegurtasuna, konputazino kuantikoa, metaversoa edo ibilgailu elektrikoak izan dira nagusi.
Gamegunegaz eta Keen Con alkarteakaz alkarlanean, Quake Champions bideo-jokoaren inguruko aurrez aurreko txapelketea jokatu da garagarrilaren 22an eta 23an eta sariak ez dira edozelakok izan (2.000 euro). Sei jokalari profesionalek esku hartu dabe lehiaketan Euskal Encounterreko atariko sailkapen txapelketea irabazten daben lagun biren kontra.
Euskaltel Fundazinoak atontzen dau Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzearen (SPRIren bidez), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskaltelen babesari esker. Telekomunikazinoen euskal konpainiak eskaintzen dau parte-hartzaileentzako internet-konexio bizkorra, segundoko 60Gb-ekoa.
1.- 30. urteurrena ospatzea ez da makala. Jarduera berezirik atondu dozue?
Bai. Ez dira gitxi eta bagenkian zeozertxu egin behar zala. Ez ahaztu pandemiak gogor jo deuskula eta onerako edo txarrerako gauza asko aldatu egin dira. 2019. urtean izan zan aurrekoa eta ordutik hona makinatxu bat gorabehera bizi izan doguz. Ikasteko be balio izan deusku pandemiak eta gauzak online egiteko derrigortasunari erreparauta aurrera pausuak emon doguz. Bost multzo edo kategoria izaten dira (Sormen Digitala, Hardware, Software librea eta Jokoak) baina Streaming atala da aurten seigarrena: Edukia sortzea gustetan bajatzu, izan zuzeneko streamingean zein bideoetan lekua izango dozue hemen: Lehiaketak, tailerrak, Encounter TV eta bestelako jarduerak, baita beste sortzaile batzuk ezagutzeko topagunea be. Besteek egindakoa ikustea nahiz zeuk sortzea gustetan bajatzu, zain egongo gara. Ordenagailuen sasoiko artea da. Hiru gai nagusi ditu, irudi digitalen sorkuntzea, musika digitala eta programazinoa.
2.- Aurten 3200 leku izan dira ordenagailuak jarteko. Eskabideak eta plaza kopurua bat etorri dira?.
Pandemiaren aurreko edizinoetan 5.000 plaza eta eskaintzen izan doguz eta pandemia sasoian, online formatoan 3.000 edo ibili gara. Aurrekoan, barriz, murrizketak baegozan arren, presentzialean, 540 jarri genduzan eta aurten, 30. urteurrenean, 3200 plaza edo izan dira. Ez dira danak bete baina pozik gagoz.
3.- Sarrereak, 50 euroan, ordenagailua jarteko lekua, entxufe bat eta sare lokal eta interneterako konexinoa izateko eskubidea emoten dau, internet-konexino bizkorra, segundoko 60Gb-koa. Ze aukera emoten dau horrek?
Sekulakoa da segundoko 60Gb-ko datu hori, Euskaltelek eskaintzen deuskuna. Webguneak oso azkar edegiten dira, zain egoteko tartea oso txikia da eta hori edozeinek eskertzen dau. Latentzia oso bajua da, bideojoetan jolasteko ezin hobea.
4.- Parte-hartzaileek zer egiten dabe Euskal Encounter lako hitzorduan?
Gaur egun, deskargak egiteko eta ez da etorten jentea Euskal Encounter-era. Erabiltzaileen artean, informazinoa konpartiduten eta ibilten dira eta guzurra emoten badau be, erabiltzaileen arteko hartu-emonak indartzea gustetan jake, ikasten datoz eta erakusten be bai; musikaria bazara, musikariak topauko dozuz hemen edo sarean eta edozein gaitan bardin, badago hor saltsea. Makinatxu bat plataforma dagoz erabilgarri eta gurean, normalean ez da izaten deskargarik eta holakorik.
4.- Opengune eremua, publikoari edegitako lekua da aurtengo nobedade nagusienetakoa...
Gure helburua beti izan da geuk dakiguna kanpora eroatea, baita alderantziz be eta holan sortu genduan Opengunea, zeozelako barrikuntzea, lehiaketak, jokoak, saltokiak, tailerrak eta topauko ditualako erabiltzaileak. Ondo pasetako eta ikasteko lekua izaten da, gune edegia: edonor sartu daiteke, topaketan parte hartu edo ez. Eremu honetan, informatika-arloko enpresek produktuak aurkeztuko ditue, berbaldiak eta erakusketak egingo dira doban, gaurkotasuneko informatika-gaiei buruz, bai eta teknologiara hurreratzeko tailerrak be.
5.- Eduki-sortzaileei zuzendutako Streaming atal barria be izan dozue. Zer da hori eta ze erantzun izan dau?
Pandemiak hankaz gora jarri euskuna berreskuratu dogu, online horretatik presentzialera etorri gara eta horri esker jarduera ugari eskainiko ditugu: Encounter TV, streaming gunea, Eneko Osabaren podcasta, PodcastNintendo, Nintendoren 132 urte dituan Nintendoren ibilbidea, gorabeherak eta jorratzen dituana. Musikea Elesky artisteak ekarriko deusku. Sortzaileen lana gurean txertatzen saiatu gara eta hori gure muina izan da, bihar-etzi indartu gura dogun atala.
6.- Profesionalentzako be izan da lekua Euskal Encounter-en, Quake Champions bideo-jokoaren inguruko aurrez aurreko txapelketeari esker...
Bai. Quake Champions talde atontzaileagaz dogun kolaborazinoari esker etorri da hau guztia. Nostalgikoa be bada, orain urte batzuk sortutako jokoa dalako Quake Champions baina publikoaren erantzun ona dauka.
7.- Euskal Encounter uda sasoian egiteak mesede ala kalte egin deutsue?
Uda partean egin dogu Encounter gehienetan eta pandemiaren gorabeherak kenduta nahikoa pozik gabiz. Egun aproposak dira oporretan jente asko dagoalako, ikasle asko be hurreratzen jakuz eta lanean dabilen jenteak be ez dau izaten arazorik, opor egun batzuk hartzeko. Beraz, kalterik ez, mesede egin deuskula
esango neuke, zehatz jakiterik ez dagoan arren.
8.- Euskaltel Fundazinoko zuzendaria eta Euskal Encounter-eko koordinatzaile izateak ze burukomin eragin deutsu?
Burukominak gitxi, behar handia da baina Euskaltel Fundazinoagaz eta ondo bideratuta dogu hau guztia eta koordinatzaile lanetarako be talde handia gara, teknologiaren eta ordenagailuen arloetan adituak diranak asko laguntzen deuskue eta geuk be zeozertxu badakigu [Barreka] urteetako esperientzia ez da alperrekoa. Esperientzia polita izaten da Euskal Encounter atontzea.
9.- Aurtengo anekdotarik nabarmenduko zeunke?
Onerako eta txarrerako, batzuk barregarriak eta beste batzuk tristeak. Asko dira 30 urteotan pilotu jakuzanak baina bat nabarmenduko deutsut: Urtea ez dot gogoratzen bain Euskal Encounter hasteko egoala, han etorren parte-hartzaile bat eskilaratan behera ekipoa, monitorea kaja eta bestelakoakaz kargauta eta estropezu eginda han joan zan eskilaratan behera, astrapalotsa sekulakoa izan zan eta ikuskizuna sekulakoa. Zorionez, bai tipoa eta bai ekipoa ondo dagoz...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!