'Euskerearen inguruko diskursoak erabarritu, idea positiboak erabili'

Bizkaie! 2022-07-21 08:56   Euskerea berbagai

'Eta belaunaldi barriei begira jarri'.

 


Sabino Arana Fundazinoak (SAF) eta Euskaltzaindiak 2030. urteko euskaldun eleaniztuna irudikatzeko mintegia atondu dabe Bilbon.

Mireia Zarate Sabino Arana Fundazinoaren presidenteak egin deutse harrerea hizlari eta entzuleei eta mintegiaren lerro nagusiak azaldu ditu, galderen bitartez: Zer egin beharko geunke aurrera begirakoan euskerearen iraupena ziurtatzeko eraldaketaz beteriko sasoi honeetan? Zelan irudikatzen ditugu 2030eko euskaldunak, zelan etorkizuneko euskal hiztunen komunidadea?. Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu dau Euskaltzaindiak ehun urtetik gora dituala, baina Akademia aurrera begira dagoala azpimarratu eta adierazo dau Akademia prest dagoala etorkizuneko orientabideei buruz hausnartzeko, jarraibideak bilatzeko: Gure etorkizuna eleanitza izango da eta eleaniztasun horren barruan kokatu behar dogu euskerea.

Xabier Barandiaran Soziologiako doktorea eta unibersidadeko irakasleak Euskal Herrian bizi dogun eraldaketa ekonomiko, sozial eta politikoek euskal hiztunotan eta euskeran daben eraginari buruzko hausnarketea egin dau hori guztia globalizazinoagaz lotuz: Espazio ekonomikoak zabaldu egin dira eta Euskal Herriak lehiakor izan behar dau; teknologiak errealidadea eregiteko hartu-emon sistema barriak sortu ditu eta komunidade eredu barriak egituratzeko aukerea eskaini dau; globalizazinoak balio sistemea eraldatu dau; gizarteratze publikoaren espazioak biderkatu egin dira; agenda politiko barri bat dago: aldaketa klimatikoa, digitalizazinoa, energia iturriak bereganatzeko estadu indartsuenen arteko lehia.... Bada, esparru anitz honen barruan, zela jokatu behar dau euskerak? Barandiaranen esanetan, euskerearen etorkizuna, neurri batean, euskal herriak komunidade politikoaren izakereari eusteko dauen gaitasunagaz lotuta dago: Baina horretarako herrigintzarako estrategia eta gobernantza eredu barria behar dogu. Barrura begirako estrategian oinarritutako estrategia behar da, batez be, alderdi abertzaleen artean. Horrek adostasun zabalak eskatzen ditu. Euskerea mundu barri horregaz lotu behar dogu eta epe luzerako estrategiak behar dira, baina oraindino ere epe motzean gabiz.

Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Jaurlaritzearen hizkuntza-erronka nagusiak aletu ditu. Bidaia bat imajinatu dau 2030era, eta ibilbide horretan indartu eta gogoan hartu beharreko lerro batzuk zehaztu ditu. Testuinguru europarrari begira jarri da sailburua: Antzemoten danez, gure hizkuntza frankoa ingelesa izango da eta horrek etxeko lan bat egitea eskatzen deusku: euskerearen presentzia indartu behar dogu mundu barri horretan, toki hori bilatuz etengabe. Eta Zupiriaren eretxiz, estatu espainiarrak ez deutse askorik lagunduko hizkuntza gitxituei: Estadu espainiarrak ez dau ezelako kezkarik eleaniztasunean, ez dauka beste hizkuntzn aurreko errespeturik; bere zerbitzuetan ez dau ahaleginik egiten beste hizkuntzak sustatzeko. Gaztelania baino ez dabe gogoan. Esangura horretan, euskerearen estatusa bermatuko daben arauak onartzen jarraitu behar dala be esan dau.

Euskal Herri elebiduna -edo eleaniztuna- irudikatzen dau Zupiriak 2030ean: Horregaitik lortu behar dogu gure artean jaio eta heziko diran umeak elebidunak izan daitezea gure hizkuntza ofizial bietan eta hizkuntza biak erabilteko aukerak sortu behar ditugu. Hizkuntza gaitasuna landu behar dogu. Gainera, gazteen buruan jarri, azterketak egin beharko ditugu eta hor azpian dagoan pentsamendua aztertu eta ondorioak atara.

Azkenik, euskal alderdi politikoei zuzendutako berbak esan ditu sailburuak: Hizkuntzearen egoeraz berba egiten dogunean diskursoak adostu egin beharko geunkez, berba errealistak erabili, egoerearen barri erreala emon, diskurso derrotistak baztertu. Aurrera jarraitzeko akordio barriak beharko ditugu, baita ezbardin pentsetan dabenakaz be.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Hezkuntza mailako datu positiboak azalduz hasi dau berbaldia: Datuei erreparauta gure gazteak ondo prestatuta dagoz, euren sasoian guk genkiana baino askoz gehiago dakite... Beraz, belaunaldi barriak gu baino hobeto prestatuta dagoz. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko familiek D ereduaren alde egin dabe (...). Egia da jaiotze-tasea behera doala EAEn baina errealidade hori aprobetxau behar dogu gure hezkuntzearen kalidadea indartzeko. Jokerea aldatu egingo da 2036an, urte horretarako ikasle-kopurua % 7 igoko baita, etorkinen seme-alabak, hain zuzen (...). Eta azken datu positibo bat azaleratu dau: Euskerazko hezkuntzearen inguruan gizarteak dauen pertzepzinoa ona da:
jenteak eskertzen dau erakundeetatik egindako esfortzua eta hori inportantea dala begitantzen jaku.

Apirilaren 7an, Eusko Legebiltzarrean etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarriak adostu eta ezarri ziran eta adostasun horren onurak aitatu ditu Bildarratzek: Etorkizunean, Ikastetxe bakotxak bere errealidadeari erantzun beharko deutso, Gasteizko auzo batean egon edo Ataunen egon, hizkuntza egoerea ezbardina dalako. Danak izan daitekez D eredukoak, baina bakotxak bereari eutsi beharko deutso. Eta lege barriak lagunduko dau zeregin horretan, hau da, ikastetxe ahaldundu batek bere inguruagaz izan beharreko hartu-emonetan. Hizkuntza proiektu sendoak behar ditugu -jarraitu dau Bildarratzek-, irakasleen konpetentziak indartu behar ditugu, bai linguistikoak bai pedagogikoak, ele eta kultura aniztasuna erdigunera ekarriz. Eta ez daukat dudarik erronka horreei guztiei erantzuten jakingo dogula.

Azkenik, Elixabete Larrinaga Politika eta Administrazino Zientzietako doktorea eta unibersidadeko irakasleak gizarte-ekintza euskaldunaren lehentasunak aztertu ditu. Gogoratu dau Euskerearen Legeak 40 urte beteko dituala aurten eta esan dau 1982tik gaur arte eraldaketa sakona izan dala euskal gizartean: Euskal hiztunen profilak, erronkak eta preminak be aldatu egin dirala autortu dau. Ondoren, etorkizunari begira jarri da Larrinaga: Jakina da gizarte-ekintza euskaldunak lan handia egin dauela hizkuntza bizibarritzeko ahaleginean baina orain, eraginkortasunez ekiten jarraitzeko, gizarte-ekintza euskaldunak testuinguru barriaren baldintza eta ezaugarrietara egokitu eta lehentasunak ezarri behar ditu. Preminazko zeregina dala esan dau irakasleak eta lehentasunen artean bi nabarmendu nahi izan ditu: diskursoa barritzea, idea positiboagoak erabiliz eta bestetik, lekukoa hartzeko prest dagoan eta gai dan erreleboa ziurtatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu