30+2 urte ospatuko ditu aurten Bakaikuko Barnetegiak

Bizkaie! 2022-07-20 12:08   Euskerea berbagai

Abuztuan eta irailean helduentzako txandak egongo dira.

Egunotan 30+2 urteurrena ospatzen dabil Bakaikuko Barnetegia: Gabriel Aresti euskaltegiaren eskutik 1990ean sortua, pandemiak eragotzi euskun orain urte bi eta igaz efemeridea ospatzea, baina aurten bai ospatuko dogu, era apalean bada be, barnetegiak hiru hamarkada daroazala Euskal Herri osoko ikasleak euskalduntzen.

Ospakizunak San Juan bezperan hasi ziran, umeentzako Maddi Pirata saioagaz eta, 30ean, gazteentzako zirku tailerra egon zan. Astegoien honetan be, Santio jaietan, egongo da ekitaldirik: datorren zapatu arratsaldean bertso poteoa atondu dau barnetegiak, 19:00etan, Julio Soto eta Amaia Agirregaz eta, ondoren, 20:00etan, auzatea eskainiko dau, Sakanan herri osoarentzat atontzen jan-edana, izan be, bakaikuarrekiko hartu-emon handiak landu ditue hiru harmarkadotan barnetegiak eta hainbat herritar ikasle zein langile ibilten dira urtero bertan. Euskal artisten saioak be izango dira, urtero legez, abuztuan eta irailean.

Ezaugarriak eta kokapena (Euskal Herriaren erdigune geografikoan) kontuan hartuta, Bakaikuko Etxea oso aproposa da era guztietako egonaldiak eta mintegiak egiteko, beharrezkoak diran azpiegitura eta erosotasun danakaz. Milaka ikasle igaro dira Bakaikutik urteotan eta bertan lagun handiak egiteko aukerak egon dira, baita bikoteak eta familiak be. Ehunka egonaldi, txango, eskola, olgeta eta bestelako jarduera ugari egin dira bertan. Barnetegiak zelakoak diran etabertan zer egiten dan azaltzearren, euskeraz 24 orduz ibiltea eta ondo pasetan zagozala euskeraz konturatu barik askoz azkarrago eta hobeto ikasten dabe ikasleek.

Udan eta urte osoan be eskaintzen ditu barnetegi txandak Gabriel Arestik bertan, gazteentzat batzuk eta helduentzat besteak. Garagarrilaren 16 eta 18 urte inguruko gazteen txandak izan dira baina abuztuan eta irailean helduentzako txandak egongo dira. Matrikulea online edo Gabriel Aresti euskaltegiaren bulegoan egin daiteke. Webgunean edo 944237591 telefonoan barnetegien eta udako aukera guztien inguruko informazinoa emon eta duda guztiak argituko deuskuez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu