Omako Basoak 700 zugatz baino gehiagotan jasoko ditu Ibarrolak sortutako jatorrizko 33 multzoak
2022-07-19 10:47 KultureaOmako Basoa bisitarientzat zarratuta egongo da garagarrilaren 25era arte.
Multzo horreetako batzuk osotu egingo dira, neurria handituta eta gainera berreskuratu egingo dira galdutako hiru multzo, Agustín Ibarrolaren jatorrizko ideari eutsiz. Uda honetan lehen faseko 14 multzoak margotuko dira, tartean Agustín Ibarrolak sortutako zabalenak eta ezagunenak eta 2023ko udearen azkenean amaituko dira lanak, ordurako margotu behar baitira beste 19 multzoak. Bizkaiko Foru Aldundiak EHUko Fernando Bazeta irakaslea buru dauen diziplina anitzeko talde baten eskutik datoz lanak.
Lorea Bilbao Ibarra Euskera, Kultura eta Kiroleko diputaduak, Agustín Ibarrolaren obran aditua dan Fernando Bazeta EHUko irakasleagaz eta Agustín Ibarrolaren seme José Ibarrolagaz batera, Omako Basoko sormen proiektua aurkeztu dau. Proiektuaren sorburuan, Ibarrolaren obra hori ikertu eta barrirakurteko lan sakona egin dau Bazetak zuzendutako taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta. Lan horri esker aurkeztuko dan obreak artistearen jatorrizko asmoa jasoten dau, izan be, multzoetako batzuk handitu egingo dira; behinola Agustín Ibarrolak ezin izan eban hori egin. Omako Basoa osorik egongo da, hau da, Basoan izandako multzo artistiko guztiak batuko ditu, EHUko adituak azpimarratu duenez.
Lorea Bilbaok nabarmendu dau Omako Basoa ez dala kopia bat, Omako Basoa Agustin Ibarrolaren idearen lekualdatzea dala esan geinke. Bilbao Ibarrak azaldu dauenez Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako proiektuaren helburu nagusia Agustin Ibarrolaren sorkuntza artistikoari jarraipena emotea da. Bizkairako proiektu barritzailea. Arazoa egoen lekuan, urtenbide barritzailea topau deutso Bizkaiko Foru Aldundiak aditu taldeen aholkularitzapean Omako Basoari jarraipena emonez. Diputaduak gaineratu dauenez, proiektu artistikoaren ikuspegi osoagoa izateaz gan, aukerea erabili da hainbat alderditan jarduteko, berbarako, bisitak zein basoaren iraunkortasuna bermatuko daben kudeaketea eta ingurari eusteko lanotan; irisgarritasun fisikoan zein konektibidade hobearen bidez, baita; bisita gidatuak eta eduki barriak idaztean be; edo larrialdiak kudeatzean, milaka bisita hartzeko aukerea emongo dauen espazioan. Eta horrek guztiak basoa hobeto bisitetea ekarriko dau eta bisitariei Ibarrolaren obrearen magiaz gozetako aukerea emongo deutse. Seguridadea, erosotasuna, erakargarritasuna, naturea eta errespetuzko arte interbentzinoa.
Ikerketa zehatz baten ondorioz, Basoa barrirakurri egin da eta 700 zugatz baino gehiagotan margotutako 33 multzo artistikoz osotutako proiektua izan da emoitzea. Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazotako proiektu horregaz eta Fernando Bazetak zuzendutako taldearen lanari esker, kontzeptuzko akatsak eta izenburu ezegokiak zuzendu dira eta multzo bakotxeko elementuak zehaztea lortu da.
Margotutako zugatz gehiago erantsi jakez zenbait multzo artistikori (Begiak, Koloretako biribilak, Erritmo inguratzaileak eta Basoko animaliak), artisteak jatorrizko diseinuan emon eutsezan neurri eta ezaugarriakaz eta galduta egozan beste hiru multzo batzuk berreskuratu dira. Horrenbestez, Omako Basoko obra bere osoan gozau daiteke.
Sormen proiektua fase bitan gauzatuko da. Lehenengo fasea 2022ko bagilaren amaieran hasi da eta urrian amaituko da. Lehen 14 multzoak lekualdatuko dira: sarrerearena egiten daben multzoak (Musurako gonbidapena, Erronbo horia), Ibarrolak pintau eban lehenengoa (Marra horizontala) eta dagoeneko ikur ezagun bihurtu diran beste batzuk, berbarako, Ortzadarra eta Begiak.
Zugatz kopuruari jagokonez, Basoan azkenean 700dik gora zugatz izango ditu, eta gehienak lehenengo fase honetan pintauko dira.
Bigarren fasea 2023ko maiatzetik irailera bitartean gauzatzekoa da. Geratzen diran 19 multzoak lekualdatuko dira, 33 multzoko obrea osotu arte.
Margotze prozesuan pinturea ez kaltegarria erabilten dabiz eta artisteak erabili eban pinturea bera bilatzeko ahalegina be egin da. Osakera zehatza lortzeko, jada merkaturatze bideetatik kanpo dagoanez, nahastura hori berariaz proiektu honetarako egin dauen enpresa batengana jo behar izan da. Erabilitako teknikeari jagokonez, egileak multzoak margotu zituan moduari eutsi jako. Prozesu horretan, Bazeta irakasleak zuzendutako lantaldeak inbentario bat be erabili dau, EHUk 2015. urtean egina Bizkaiko Foru Aldundiaren eskariz, bai eta digitalizazino proiektua be, multzoak euren neurri eta ezaugarri zehatz danakaz lekualdatu ahal izateko.
Bigarren fase hori amaitzen danean 700dik gora zugatz izango ditu Omako Basoak eta kilometro batetik gorako ibilbidea egingo da bertan.
Basoa zainduago egongo da eta jasangarria izango da, landaretzearen tratamendua eta aldian aldiko zainketak egokiagoak izango baitira basoaren erritmo biologikorako. Gainera, jatorrizko landaredia errespetauko da eta haren biotipoaren kontrako lanak ebitauko dira. Aldi berean, zugatzen egoerea kontrolauko da, zugatzak banan-banan monitorizatuz eta segurtasun sistema bat aktibauko da sua amatetako edo larrialdiei erantzuteko.
Horrezaz gan, bisitariek esperientzia atseginagoa izan deien, bideak pinu eta altzifre azal birrinduakaz egokituko dira eta atsedenguneak atonduko dira ibilbidean zehar. Eta bisitea emonkorragoa izan daiten, bisitarieik zein lekutan kokatu behar diran esango jake.
Basoak konektibidadea izango dau, eta, horrenbestez, bisitariei artistearen erreferentziak edo lanaren testuinguruari buruzko argibideak helarazoteko bitartekoak erabili ahal izango dira.
Bisitea aurrez erreserbau behar da
Omako Basoa bisitarientzat zarratuta egongo da garagarrilaren 25era arte eta egun horretatik aurrera bisita gidatuak baino ez dira egingo. Aurrez erreserbau behar dira, 94 465 16 57 telefono zenbakira deituta.
Omako Basoa 2022ko garagarrileko azken astetik aurrera bisitetan dabenek daborduko margotuta dagozan multzoak ikusiko ditue eta aldi berean beste multzo artistiko batzuk margotzeko prozesuaren lekuko izango dira. Egunean bisita bi izango dira astelehenetik domekara, goizez, 10:30ean eta 12:30ean, aurtengo irailaren 11ra arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!