Euskal ordezkaritza bat Aveiroko (Portugal) Festival dos Canais jaialdian izan da

Bizkaie! 2022-07-18 09:27   Kulturea

Alde bietako kaleko arte eszenikoetako agenteen arteko hartu-emonak sendotzea izan da helburua.

Obras Akrobad (Tomáš Staněk & Josef Sedlák) | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lankidetzea bultzatu dau Portugalgo Aveiroko udalerriagaz, hartu-emonak ezartzeko eta Euskadiko eta Portugalgo kaleko arte eszenikoen industriaren lana ezagutu ahal izateko. Aveirok Festival dos Canais jaialdia atontzen dau urtero, uriko kanalak, espazio publikoa, ondarea eta arkitekturea musikea, jantzak, antzerkia, zirku garaikide eta arte bisualetarako agertoki parebako bihurtzen dituan diziplina ugariko ekitaldia. Aurten, Euskadiko konpainia, programatzaile eta banatzaileek eta  Aveiroko jaialdiko arduradunek eta Portugalgo eragileek lan topaketa bat izan dabe, Portugalen kaleko arte eszenikoetarako merkatu gune profesional baten lehen urratsen testuinguruan.

Euskadiko ordezkaritzan 50 bat lagun izan dira eta horreen artean honako honeek nabarmentzen dira: programautako 5 konpainia (Haatik, Zanguango, Deabru Beltzak, Markeliñe eta La Glo Zirko Dantza); 8 konpainia gonbidatu (Goitibera, Cía Eva Guerrero/Doos Colectivo, Dantzaz, Organik Dantza, Hortzmuga eta Zirkozaurre); banatzaile gonbidatu bi (Aire Aire eta Solobe Art); Oreka TX musika taldea; eta 7 jaialdi eta kaleko programatzaile (Arrigorriagako Nazioarteko Clown jaialdia; Gasteizko Kaldearte; Bilboko Kalealdia; Lekeitioko Kaleka; Zarauzko; Bilboko Udala eta Sopelako Udala). 

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarentzat, horrelako topaketek aukerea emoten dabe sektoreagaz lankidetza aktiboa sustatzeko, kulturak hurreratzeko, ekimenen eta euren lurraldeen nazinoarteko proiekzinoa eta ikusgarritasuna bermatzeko eta kaleko arte eszenikoak sustatzeko. Lankidetza horren partaide da Etxepare Institutua, euskal sortzaileak zabalduz. Era berean, Artekale Euskadiko kaleko arte eszenikoen alkartearen bitartekotza-lana be izan da topaketa honetarako, izan be, azken urteotan lan handia egin dau sektorea ikusarazoten eta horretarako aukera barriak bilatzen.

Topaketeak lurralde bietako eragileek esperientziak trukatzeko, alde bietan estrategiak sortzeko, profesionalen arteko topaguneak sustatzeko, profesionalen artean ezagutza eta sorkuntza-prozesuak sortzeko eta euskal eta portugaldar eragileen arteko proiektuen garapen bateratua sustatzeko balio izan dau. Gainera, kaleko arte eszenikoetako profesionalen presentzia bultzatzeko be balioko dau, bai Portugaleko jaialdietan zein Euskadiko bestelako jaialdietan be.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu