Bilbao BBK Live jaialdiak 25 miloe euroko eragina izan dau uribilduan

Bizkaie! 2022-07-15 09:00   Musikea

Eguenean, 33.000 persona joan ziran Kobetamendira; barikuan, 37.500; eta zapatuan, 38.500.

Bilboko Udalak eta enpresa sustatzaileak (Last Tour) balorazino ona egin dabe hamabosgarren edizio honen inguruan —urte biko etenaren ondoren zaleak gogotsu izan dituana— eta pozarren ospatu dabe hiru egunez gorabeherarik izan ez dauen ekitaldi handi eta entzutetsuaren itzulerea.

Pandemiaren kalterik gogorrenak jasan zituen sektoretan igarri da batez be jaialdiaren eragin ekonomikoa, besteak beste, uriko ostalaritzan, merkataritzan eta ostatuetan; azken horri jagokonez, hoteletan erregistrautako okupazinoa % 95etik gorakoa izan da jaialdiak iraun dauen hiru egunetan.

Eragin mediatikoak, gainera, oihartzuna izan dau nazinoartean, ospe handiko artistek, besteak beste, The Killers, Stromae, Pet Shop Boys eta J Balvinek eskainitako kontzertuei esker. Aitatu eragin bi horreek, ekonomikoak eta mediatikoak, nabarmen erakutsi dabe, urte biko etenaldia gorabehera, Bilbao BBK Livek indartsu jarraitzen dauela eta kapaz dala jarduera ekonomikoa sortzeko, turismoa erakarteko eta uda garaia dinamizetako.

Horrezaz gan, azpimarratzekoa da jaialdia atontzeko lanetan hemengo hainbat enpresetako 3.500 langilek parte hartu dabela askotariko zereginak beteteko: logistikea, hornidurak, zerbitzuak, argiak, soinua, ikus-entzunezkoak eta katerina. 0 kilometroko kontratazino-politikea egin da, Bilbo eta Bizkaiko hornitzaileei lehentasuna emonez: Kontratazinoen % 72 Bizkaikoak dira eta enpresa hornitzaileen % 50ek lurraldean dabe egoitzea.

Bilbao BBK Live jaialdiak erakarri dauen publikoa

Hamabosgarren edizinoak 75 herrialde baino gehiagotik etorritako 115.000 persona batu ditu, azken edizinoko errekorra hausita: Eguenean, 33.000 persona joan ziran Kobetamendira; barikuan, 37.500; eta zapatuan, azken egunean, 38.500. Inoiz ez zan gainditu une berean baimendutako 35.000 laguneko gehieneko edukierea.

Gainera, Bilbao BBK Live Bereziak kontzertuetara 6.000 persona inguru hurreratu ziran.

Publikoaren % 35 atzerritarra izan da, jaialdia nazinoartean finkatu dalako. Jatorriei jagokenez, atzerritar gehienak Erresuma Batutik (% 35), Frantziatik (% 30), AEBetatik (% 10), Alemaniatik (% 10) eta Italiatik (% 3) etorri dira. % 35 etxeko publikoari, bilbotarrei eta Euskadiko lurraldeetatik heldutakoei egokitu jaken. Ganerakoan, (% 30) Madrilgo Erkidegotik, Kataluniatik, Kantabriatik eta Valentziako Erkidegotik hurreratu dira gurera.

Edade-tartea handitu eta berretsi da jaialdia edade guztietako publikoarentzat dala: (% 12 18tik 24 urtera artekoak, % 22 25etik 34ra artekoak, % 24 34tik 44ra, % 23 45etik 54ra eta % 14 55etik 64ra).

Turismoa

Jaialdiaren egunetan, garagarrilaren 7tik 9ra, 2.187 bisitari atendidu zituen Bilboko Turismo Informazinorako Bulegoetan, Plaza Biribilean eta Guggenheim Museoan dagozanetan. Bisitarien % 49,3 atzerritarrak izan ziran, batez be Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Italia, Belgika eta Ameriketako Estadu Batuetatik etorriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu