Ehunmilak 2022, Beasain mendizaletasunaren hitzordu bikainaren itzulerea

Amaia Larruzea 2022-07-14 10:23   Ibilian-ibilian

Nire probarik gogokoena da.

Bueltan izan gara barriro be, non eta nire probarik gogokoenean. Hainbat eta hainbat urte daroadaz prensa ardurakaz Beasainen atontzen diran Ehunmilak probetan, izan be, antolakuntzarik onena dala esango neuke, 1.500 boluntario inguru ibilten dira bertan.

Bueltan da dana barriro, bueltan dira emozinoak, sentipenak eta horreen artean, Beasaingo Ehunmilak probak. Ultratrailaz berba egin ezkero Euskal Herrian, Ehunmilak jorratu behar doguz. Nire probarik gogokoena da, urte asko daroadaz bertara joaten eta bertan bizi dan giroa eta han ibilten diran 1.500 boluntarioen arteko hartu-emonak onak dira, sekulako gogoa daukat eta pasino horrek. eroaten ditu parte-hartzaileak helmugara.

168 km eta 11.000 metroko desnibel positiboa, 91 km eta 5.300-500 inguru metroko desnibel positiboa eta 42 km eta 2.300 metroko desnibel positiboa. Erraz esaten diran datuak, baina horreek egiteak upealako nekea dakarren arren, gozamena da nagusi, horrexegaitik egiten dogu eta. Askotan gatxa izaten da azaltzea zergaitik egiten ditugun ultratrailak edota zergaitik gustetan jakun sufrimenduaren eta gozamenaren balantza hori eta, egia esan, hainbat eta hainbat arrazoi eta erantzun ditut: Oreka hori bilatu nahi horrek gauza asko erakusten deutsuz, batez be, bizitzan bertan aplikagarriak diranak eta, aldi berean, baita alderantziz be.

Goierriko Handi Biak, horixe zan nire aurtengo helburua eta horixe egindakoa. Aurreko edizinoa orain ia hiru urte izan zan, arin esaten da, baina denporea dezente pasau da ordutik. Urtean zehar mila gauza pasetan dira, minak, buruhausteak, bizitzako beste gauza askoz garrantzitsuagoak eta gatxa izaten da urduritasun eta ezjakintasun barik heltzea holako proba batera. Halan da be, behin urtekera emonda eta Beasaingo probetan jarten daben musika zirraragarria entzunda, aurretik pasautako guztia atzean itxi eta orain bai, mendiaz gozetako eta naturaz maitemintzeko momentua da, jente arteko giro ederrean.

Beasaindik urten, Ordizitik zapatu gaueko giro politean igaro, Zaldibira heldu, Gaztelu mendira igon, Larraitzera bajatu eta handik Txindokiko Lepora igon, Uarrain, Ganbo, inguruak gurutzatu eta Lizarrustira heldu. Handik, Etxegaraterantz joan eta bertan, 50. Km-an zeozertxu jan, kamisetea aldatu, kremea emon eta aurrera! Otzaurterantz, handik San Adrianera eta bertatik Aizkorri kuttunera. Bertatik, Urbiarantz joan eta Andraitzera igon, Oazurtzara gero, handik Zerainera, Mutiloara eta azken kilometroetan, Beasaingo bidegorritik plazara. Uffa idazteak be nekatzen dau... Baina ederra, zer da ba, ibilbidea!

Aurreko edizinoan baino askoz indartsuago sentidu nintzan, buruz, batez be. Indartsu neban burua, ahulgunerik igarri ez eta jarraitzeko gogoa neukan, argi neban helburuak eta amesak lortu daitekezala. Aurrera egiteko gogotsu zagoz, hau da, gogoa baldin badago eta burua horretan badozu, minak eta nekeak ahaztu egiten dira. Lehen aitatutakoari erreferentzia eginez, horrek eroaten zaitu ultratrail batean edota distantzia luzeko lasterketa batean gozatzera.

Eskerrik asko, Ehunmilak. Eskerrik asko, antolakuntza bikainari.

Eskerrik asko, boluntario zoragarri guztiei. Aupa Goierri!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu