Lagunarteko eta plaza libreko saioek gora egin dabe nabarmen
2022-07-12 13:17 BertsolaritzeaBertso plazan dabizen % 53 dira gizonezkoak eta % 47 emakumezkoak.
2022ko lehen seihilekoan bertso plazeak emondako datuak batu ditu Bertsozale Alkarteak. Pandemia garaian ia desagertutako saio formatuek lekua berreskuratzen hasiak dira, aldi berean, jaialdien kopuruari eutsiz.
Loraldi sasoia izan da 2022ko udabarria bertsolaritzearentzat Xenpelar Dokumentazino Zentroaren bidez Bertsozalek jasotako datuek erakusten dabenez. 2022ko lehen seihilekoan izandako bertso saio kopurua 2019kora dezente hurreratu da; martitik maiatzera bitarteko epea aintzat hartzen badogu, aurtengo datuak hobeak izan dira kopuruari jagokonez.
Kopuruaz harago, beste zantzu edo errastu on batzuk be ekarri ditu lehen seihileko honek. Nabarmenena? Pandemia garaian ia desagertuta egon diran lagunarteko eta plaza libreko saioak beren lekua berreskuratzen hasiak dirala bertso plazan.
Oro har, bi eta hiru bertsolarien artean egiten diran saioak dira honeek, zalearengandik oso hur; otordu bueltan egiten dira lagunartekoak eta herriko plazan edo kalean egiten dira librekoak. Pandemia garaian hartutako neurriakaitik nekez egin eikezan saioak. 2022ko lehen seihileko honetan, ostera, bertso plazak lehengo itxura hartzen doaz formatuari jagokonez. Gainera, aldi berean, jaialdi kopuruari be eutsi jako. Horreek ikusten eta entzuten 36.500 zale inguru joan dira plazara.
Lagunarteko eta libreko saioen itzulereak, gainera, ez dau eragin handirik izan gizon eta emakume bertsolarien parte-hartzearen orekan. Saio mueta horreetan oraindino gizonezkoen parte-hartzea altuagoa bada be, azken urteotan emondako aurrerapausuei esker, 2019ko datuetatik urrundu eta azken urteotako norantza parekideari eutsi ahal izan jako: bertso plazan dabizen % 53 dira gizonezkoak eta % 47 emakumezkoak.
Datu onak badira be, Bertsozale Alkarteak gainerako tokian tokiko eragileekin bertso plazea sendotzeko, genero ikuspuntutik orekatzeko eta askotariko plaza eskaintzeko lanean jarraituko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!