2022ko Getxo Folken kartela Ane Pikazak egin dau
2022-07-11 12:43 MusikeaGetxo Folk, irailaren 14tik 18ra.
Getxoko Folk Jaialdiaren 38. edizinoan, besteak beste, Tanxugueiras, Enredadas (Uxía, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreira batzen dituana) eta María Arnal i Marcel Bagés taldeek joko dabe.
Hamabost kontzertu izango dira, horreetako 10 Algortako Portu Zaharrean, aire zabaleko eskaintzea berreskuratuz. Pagetako kontzertuak, igaz bezela, Muxikebarrin egingo dira eta sarrerak salgai abuztuaren 1etik aurrera jarriko ditue.
Kontzertu nagusietan (Muxikebarri, 20:00), artista belaunaldi berrien aldeko apustua egingo da. Esangura horretan, Xabier Payak, Kultura Etxeko Zuzendariak, folkaren transmisioan emakumearen rolak dauen garrantzia azpimarratu dau, aurtengo edizinoan bistaratu nahi dan legez eta egunero Muxikebarriko agertokian emakume bat izango da.
Holan, 15ean Tanxugueiras taldearen txandea izango da; hurrengo egunean, hilaren 16an, barikuan, jaialdiak Enredadas proiektua hartuko dau, Uxía, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreira protagonista dituan taldea; Getxon Coplas e alalás ikuskizuna aurkeztuko dabe, Sérgio Tannus eta Marcos Teiraren gitarristakz batera.
Zapatuan, hilaren 17an, Muxikebarrik Maria Arnal i Marcel Bagés bikote katalanaren saioa hartuko dau. Bikotea azken urteotan musikearen panoramaren errebelazino handienetako bat bihurtu da. Ciutat de Barcelona Musika Saria, Verbena, Rockdelux aldizkariko Single Nazional Onena aukeratua eta Urteko Obra Artistikoa Time Out aldizkariko irakurleen arabera.
Algortako Portu Zaharreko saioak 18:00etan eta 23:00etan izango dira. Azken horreetan, jaialdiak jai-giroa sustatzeko asmoa dau Gozategi (hilaren 16an) eta Buhos (17an) taldeen eskutik. Gozategiren kasuan, gainera, euskal bandeak bere 30. urteurrena ospatuko dau.
Era berean, familientzako kontzertuak be iragarri ditue, 17 eta 18an eguerdiko 12:00etan. Getxo Folk jaialdiaren proposamen musikala ‘Nor da Maurizia’ hezkuntza proiektagaz osotuko da, Getxoko Musika Eskoleagaz alkarlanean landutakoa eta bertako ikastetxeetako ikasleei musikea hurreratuko deutsena.
Aurtengo Getxo Folk iragarteko kartela
Ane Pikazak egin du. Ilustratzaile, artista eta aktore azaldu dauenez, obran jaialdiaren hurrengo edizinoaren nortasuna islatzen saiatu da: ‘emakumearen begiradea islatuz, baita itsasoari begiratuz be'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!