Zibersegurtasunari buruzko ikastaro trinkoa 42 Urdulizen

Bizkaie! 2022-07-11 10:36   Euskerea berbagai

Ikastaroa gaur, garagarrilak 11, hasi eta irailaren 2an amaituko da.

Segurtasun digitalean adituak batu dira 42 Urduliz programazino campusean, Telefónica Fundazinoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez. Zibersegurtasuneko prestakuntza: konponbidea edo erronka? ekitaldian azpiegitura informatikoak eta informazinoa eraso gaizto posibleetatik babesten dituan diziplinearen inguruan hausnartu eta eztabaidatu ahal izango da. Topaketa honek erakutsi dau zibersegurtasuna izan behar dala edozein estrategia digitali eusteko zutabeetako bat eta hasierea emon deutso zortzi asteko ikastaro trinkoari (bootcamp) bai 42 Urduliz campusean baita estatuko ganerako 42 izeneko campusetan be (Bartzelona, Madril eta Malaga). Ikastaroa gaur, garagarrilak 11, hasi eta irailaren 2an amaituko da.

Ekonomia Sustatzeko foru diputadu Ainara Basurkok abiarazo dau ekitaldia. Jarraian, industria zibersegurtasuneko barrikuntzearen arduradun (Telefónica Tech) Gabriel Álvarezek berbaldi bat emon dau segurtasun digitalaren inguruan. Ondoren, eztabaida bat egon da. Gabriel Álvarezegaz batera izan dira Eusko Jaurlaritzako Basque Cybersecurity Centre zentroko zuzendari Javier Dieguez, Espainiako Telefónica Fundazinoko iparraldeko Barrikuntzako buru Ana Flórez, Fortinet enpresako salmenta eta enpresen kanaleko arduradun Javier Carranza eta 42 Urduliz campuseko ikasle Fátima Silva.

Mahaiko partaideak bat datoz: zibersegurtasunean prestakuntza jasoteko preminea dago, txikitatik. Horri jagokonez, Gabriel Álvarezek nabarmendu dau teknologiari lotutako 120.000 lanpostu huts baino gehiago dagozala Espainian gaur egun. Bizkaian, Zibersegurtasunean adituek dabe lanbide digitalik nabarmenena, Full Stack garatzaileen eta Software arkitektoen aurretik.

42 campusa metodologia barritzailea eta disruptiboa dauen programazio campusa da, lan merkatuak eskatzen dituan profil digitalak eskuratzeko trebatzen ditu ikasleak, besteak beste, zibersegurtasunean adituak, izan be, campusean zortzi asteko bootcamp bat abiarazo dabe, doban, zibersegurtasunari buruz. Garagarrilaren 11an hasi eta irailaren 2an amaituko da.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu