Miriam Zubieta, Alejandro Larraga eta Leyre Lisarri Aste Nagusiko Musika Klasikoko Kontzertuetan

Bizkaie! 2022-07-11 07:55   Musikea

Abuztuaren 20tik 27ra, arratsaldero, Gizakundearen Eleizeak 8 kontzertu hartuko ditu.

Gasteizko Bakarlariak boskotea izango da Bilboko Aste Nagusiko karteleko hitzordu nagusietakoa. Eta ondoren, Passamezzo Antico, Satisfacshow taldea, Emin Kurkchyan pianista gaztea eta Cadenza Quartet saxofoi laukotea izango dira bertan.

Euskal musika klasikoaren ordezkariak Arteus Orquesta eta Rossini Abesbatzaren berrogei ahotsak izango dira.

Aurten be, Bilboko Aste Nagusiak, edozeinentzako musikea eskaintzeko ohitureari eutsiz, musika klasikoko 8 kontzertu hartuko ditu munduko hainbat lekutako bakarlari, abesbatza eta orkestra, hain zuzen be. abuztuaren 20tik, larunbatetik, hurrengo larunbatera, hilaren 27ra, bitarteko arratsalde guztietan, 20:30etik aurrera, Atxurin, Gizakundearen eleizan.

Musika klasikoko zikloan Miriam Zubieta sopranoak, Alejandro Larraga baritonoak eta Leyre Lisarria pianistak jarriko ditue lehen akordeak abuztuaren 20an, zapatuan.

Bilboko Udalak Gasteizko Bakarlariak boskotea iragarri dau hilaren 21erako, domekarako.

Ondoren, Passamezzo Antico eta haren obrea etorriko dira: La Follia de Vivaldi. Locura y Paz en el barroco italiano, astelehenean, hilaren 22an. Ikuskizun parebakoa, berezia izango da, izan be, taldeko hiru euskal musikarien handitasuna, danak baitira Europako musika-zentro ospetsuenetan trebatutakoak.

Kataluniatik Satisfacshow helduko da martitzenean, hilaren 23an, ikuskizun unibersala, musikea, keinu-antzerkia eta umorea, edade, nazionalidade eta kultura guztientzako.

Kordobatik etorriko da Emin Kurkchyan gaztearen pianoa, barikuan, hilaren 26an, bertaratuko diranen gozagarri.

Euskal artistei jagokeenez, musika klasikoa ekarriko dabe Arteus Orkestreak abuztuaren 24an, eguaztenean, eta Rossini Abesbatzako berrogei ahotsek, azken hori hilaren 27an, zapatuan, genero txikiko obrak eta egileak modu barrituan, atseginean, dibertigarrian eta edade eta publiko guztien eskura zabaltzea Bilboko abesbatza horren esentzia da. Eurena izango da azkena musika klasikoko zikloan.

Jatorri euskaldunagaz baina asturiar ñabardurakaz, 2020ko urrian sortutako Cadenza Quartet eguenean, hilaren 25ean helduko da Bilbora, saxofoi laukotea.

Egitaraua

Lekua: Gizakundearen eleizan.

Ordua: 20:30ean.

Zapatuan, 20an, Miriam Zubieta, Alejandro Larraga eta Leyre Lisarria.

Domekan, 21ean, Gasteizko Bakarlariak Taldea.

Astelehenean, 22an, Passamezzo Antico.

Martitzenean, 23an, Satisfacshow.

Eguaztenean, 24an, Arteus Orquesta.

Eguenean, 25ean, Cadenza Quartet.

Barikuan, 26an, Emin Kurkchyan.

Zapatuan, 27an, Rossini Abesbatza.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu