Mundu osoko hamar programatzailek bat egingo dabe Jazzaldian
2022-07-08 07:59 MusikeaJazzaldiaren barruan txertatu da Jazzeñe.
SGAE Fundazinoak, Donostiako Udala, Donostia Kultura eta Jazzaldiagaz alkarlanean, JazzEñeren VIII. edizinoa aurkeztu dabe. JazzEñe garagarrilaren 21etik 24ra Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egingo dan jazz espainiarraren erakusketea da eta bigarren urtez jarraian txertatu da Donostiako 57. Jazzaldian. Zortzi kontzertu eskaintzeko gune esklusiboa izango da, gure jazzgintzearen erakusle diran taldeakaz.
Aurkezpenean Miguel Martín Jazzaldiko zuzendaria, Javier Estrella JazzEñeko zuzendaria eta Joseba Palacios SGAE Euskadiko zuzendaria izan dira. Ekitaldian Moisés Sánchez taldearen zuzenekoa izan da, hau da, JazzEñen gozau ahal izango dogunaren aurrerapen labur bat.
Zortzi talde hautatu ditue 223 eskabideren artean
JazzEñe 2022k 45 minutuko zortzi kontzertu eskainiko ditu lau egunez Victoria Eugenia Antzokian. 2022ko garagarrilaren 21etik 24ra, 12:30etik aurrera eta saio bikotxean, honako kontzertu honeek izango dira: Oreka TX eta Chico Pérez (garagarrilaren 21ean), Verónica Ferreiro & Javier Sánchez eta Carlos Sarduy Quartet (garagarrilaren 22an); Moisés Sánchez eta Daahoud Salim Quintet (garagarrilaren 23an); eta Berta Moreno zein Ernán Lopez-Nussa (garagarrilaren 24an).
Sarrerak salgai dago 5 euroan Jazzaldiaren webgunean, Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean. Gainera, kontzertuak streaming bidez transmitiduko dira Youtubeko Jazzaldia Live kanalaren bitartez.
Talde horreek 223 eskaeratatik aukeratu dira. SGAE Fundazinoak jaso ditu bere garaian SGAEko bazkide guztiei edegitako deialdi bat tarteko. Batzorde hautatzailean izan dira Javier Estrella, JazzEñeko zuzendaria; Miguel Martín, Jazzaldiko zuzendaria; Matthew Lee Simon, egile eta tronpetistea, SGAEren jazz lantaldeko kidea; Alba Careta, jazz-egile eta abeslaria, JazzEñe 2021ean parte hartu ebana; eta Miryam Latrece, jazz-egile eta abeslaria, JazzEñe 2019ko programazinoaren kide izandakoa.
Nazinoarteko hamar programatzaile bertoko jazza zabaltzeko
JazzEñegaz Espainian egiten dan jazzaren nazinoartekotzea dau helburu SGAE Fundazinoak. Horretarako, mundu osoko jazzaldien eta jazz-aretoen sustatzaile eta programatzaileak gonbidatzen ditu erakundeak, zuzeneko kontzertuez gozau deien eta hautatutako artistakaz edo euren managerrakaz bilerak egin deiezan, etorkizunean alkarregaz lan egiteko eta euren lana gure mugetatik harago zabaltzeko aukerea izan deien.
JazzEñe jaialdiaren zortzigarren edizino honetan hamar dira nazinoarteko jaialdi gonbidatuak: Uli Fild Concertbüro (Alemania), Jazzfest Sarajevo (Bosnia eta Herzegovina), Jarasum Jazz Festival (Hego Korea), Jazz Festival Ljubljana (Eslovenia), Le Rocher de Palmer (Frantzia), Tel Aviv Jazz Festival (Israel), Beaux Jazz & Sound of Europe Festival (Hego Korea) eta Flamenco Biënale (Herbehereak), Katowice JazzArt Festival (Polonia) eta Selin Celik Productions - Akra Jazz Festival (Turkia).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!