Azken bost urteetan, euskerearen erabilereak gora egin dau Bilboko kaleetan

Bizkaie! 2022-07-07 09:10   Euskerea berbagai

Abandon, Begoñan eta Ibaiondon berba egin eta entzuten da euskera gehien. 

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea batzordeburu izan da Euskerearen Aholku Batzordearen urteko bigarren bilkuran. Bilera horretan parte hartu dabe Koldo Narbaiza Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotziak; Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko sail batzuetako ordezkariek, baita Udalean ordezkaritzea daben alderdi politikoetako ordezkariek be. Kulturearen eta gizartearen arloetako eragileen ordezkariak be kide dira Aholku Batzorde horretan, besteak beste, Euskaltzaindia, Labayru Fundazinoa, Uztarri, Zenbat Gara, Bilboko Euskaltegiak, Ahletic Club, Bibao Dendak, kazetariak eta idazleak.

2022ko Ibilaldiaren antolatzaileek maiatzaren 29an egindako ekitaldiaren balorazinoa eta balantzea egin dabe, Euskaraldiko arduradunek aurtengo edizinorako proiektua aurkeztu dabe eta Soziolinguistikako Klusterreko kideek Bilboko euskera-erabilerearen egoereari buruzko azterlanaren emoitzak ezagutarazo ditue. Neurketa hori 5 urtean behin egiten da, Bilboko kaleetan oinezkoek zer hizkuntza erabilten daben ikusteko:

Bilbori buruzko azterlanaren ondorio nagusiak ondokoak dira:

- Azken bost urteetan, euskerearen erabilereak gora egin dau Bilboko kaleetan (2016an % 2,5ekoa zan eta 2021ean % 3,5ekoa). Holan, 2016ra arteko beheranzko jokerea eten da.

- Emakumeek gizonek baino gehiago erabilten dabe euskerea. Horixe da Euskadiko jokera orokorra be.

- Neskato-mutikoak dira euskeraz gehien berba egiten dabenak eta nagusiagoek gitxien. Helduen artean, ostera, euskerearen erabilerea gazteenen erabilerearen aurretik dago. Gazteen erabilereak beheranzko jokerea hartu arren, modu positiboan interpretetan da parekoen arteko hartu-emonetan neskato-mutikoek gero eta gehiago erabiltea euskera.

Barruti gehienetan euskerearen erabilerea egonkor mantendu da azken bost urteetan. Begoñako, Abandoko eta Basurtu-Zorrotzako kaleetan, barriz, gora egin dau.

Barrutiei jagokenez, Abandon, Begoñan eta Ibaiondon berba egin eta entzuten da euskera gehien. Ondoren, Deustu, Uribarri, Basurtu-Zorrotza eta Otxarkoaga-Txurdinaga dagoz. Errekaldeko kaleetan entzun da euskera gitxien.

Bilbon euskerea, gaztelania eta frantsesa ez diran beste hizkuntza batzuen presentzia nabarmentzen da. Uriguneek ezaugarri bereziak ditue, atzerritar jatorriko biztanleen bizileku izateaz gan, turismoaren helmuga be izaten diralako. Egia esan, gaurko gizartea ez da orain hogeita hamar urteko gizartea. Bilbo XXI. mendeko uri dinamikoa da, nazinoartean eragina dauena. Globalizazinoak gizarte-eraldaketa sakon eta azkarra dakar. Lurraldeen arteko mobikortasuna erraztu eta zabaldu da eta horrek kulturen arteko hartu-emonak indartzea ekarri dau. Azken hamarkadotan eta urteetan Bilbo asko aldatu da (maila sozialean, ekonomikoan eta kulturalean) eta horrek erronka barriak dakartsoz euskerea bizibarritzeko prozesuari.

Euskerearen Aholku Batzordea

Bilboko Udalak 2016ko zezeilaren 3an jarri eban martxan Euskerearen Aholku Batzordea, hizkuntza gaietako aholku eta eztabaida organo moduan, urian euskerearen ezagutza eta erabilerea gehitzeko, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta Bilbon euskerea sustatzeko eta normalizetako interesa daben personak eta erakundeak batu eta parte hartzeko foro izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu