Badatoz Juan de Diego eta 'Grebalariak'

Bizkaie! 2022-07-07 08:30   Musikea

Garagarrilaren 7an, Ordizian joko dau taldeak Goierriko Jazzaldian.



Juan De Diego
, tronpeta jotzaile bilbotar nekaezin eta oparoa, bueltan dator proiektu barri bategaz eta hori beti gauza pozgarria da artistearen jazz ausart, dotore eta zehetasunez betea maite dogun guziontzat. Ohiko kalidade maila handia dakar eta lehenengo aldiz laukote akustiko moduan (piano, kontrabaxu, bateria eta tronpeta) grabau dau Grebalariak izeneko disko hau. Bertan, Juanek erabilitako patxadeari esker, soinuaren ehundura ederra nabarmentzen da beb-bop itxura klasikoko oinarria ardatz hartuta eta bizitasun geldiezinez, hori baino askoz musika jario zabalagoa da Juanena. Kopla bako jazza.

Grebalariak diskoa 10 kantu eta hiru artista bikain eta erakargarrien ekarpenaz aberastuta dator: Toni Vaquer piano jole mallorcarra, Pere Loewe kontrabaxu jolea eta Ramon Prats bateria. Perek, David Allyn, Gorka Benítez, Chano Domínguez edota Perico Sambeat moduko artistakaz lan egin dau eta hainbat Big Band eta Orkestren partaide be izan da, Bartzelonako Goi Konserbatoriokoa edo Lleidako Julià Carbonell ospetsuan. Ramón, Escola Superior de Música de Catalunyako (ESMUC) tituluduna da eta Adel Lee Davis Big Band, Mediterraneum Ensemble, Liquid Trio, Sindicato Ornette, Movin’ Wes, MAP, Morgat Morgat taldeetan ibili izan da sideman legez. Aipagarria da Albert Cirera bateriajoleagaz batera eratzen dauen Duot bikote inprobisatzailea. Azkenik, Toni, egungo piano munduan promesa handieneko artistetako bat da; Conservatori Liceun ikasitako eta Berklee College Of Music-eko Masterra, konposizino eta konponketatan espezializautakoa. Proiektu askotan jorratu dau bere fazeta sortzailea eta beste alde batetik, Jazz eta Musika garaikideko irakaslea da Liceu Konserbatorioan. Ibilbide luze eta oparoko musikariak beraz, Pereren kasuan, bere gusto eta jokera latindar eta brasildarra gogoan hartuz, erakargarriagoa egiten dau bilduma guztia.

Juan De Diegok taldekide moduan Freaky trío, Juan de Diego Trío, Juan de Diego Trakas eta DeDiego Brothers taldeetan ibili izan da eta Benny Golson, Nicholas Payton, Jesse Davis, Frank Wess, Perico Sambeat, Jeff Ballard, Armando Manzanero, Olga Guillot edota Ruper Ordorikagaz lan egin izan dau.

Grebalariak honetan Juanek ez ditu bere ardura soziopolitikoak ahaztu eta La Canadiense enpresan 1919an egindako grebearen ehungarren urtemugea ospatu nahi izan dau. Hari esker, beste gauza askoren artean, 8 orduko lanaldia ezartzea lortu zan eta Greba abestia bera burruka horri ekin eta kasu batzuetan bizia galdu ebenei dedikauta dago. Jack Johnson boxealariari keinu txiki bat be badakar. Garaiko txapeldun zuria gainean hartu izateak komunidade afroamerikarraren burrukearen sinbolo bihurtu eben.

Euskal Birea

Garagarrilaren 7an, Ordizian, Goierriko Jazzaldian.

8an, Bakioko Txobernen.

9an, Barrikako Golfo Norte tabernan.

10ean, Amurrioko Albizabalen.

10ean, Plentziako Hotel Uriben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu