Eli Pagolak irabazi dau I. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketea

Bizkaie! 2022-07-05 08:04   Bertsolaritzea

Danetara, 24 lan jaso ditue  eta Pagola izan da irabazle helduenean.

Hernaniarrak irabazi dau Azkoitiko Udalak atondutako I. Hike eizan! Bertsopaper Lehiaketea. Sariketa honen berezitasuna da bertsopaperak hitanoan dirala eta noka izatea balorau egiten da. Danetara, 24 lan jaso ditue  eta Pagola izan da irabazle helduenean Tximista eta trumoia izeneko lanari esker.

Tximista eta trumoia da bertsotan, noka idatzia. Eli Pagolak buruan bueltaka eukan ipuin hori eta bertsotara ekartea pentsatu eban plgeta legez. Hike Eizan sariketearen barri izan ebanean, bildumea aurkeztea erabagi eban: Bilduman tximista eta trumoiaren arteko hartu-emonak kontetan ditu alkarregaz txertaka edo hasarre ibili izan diralako, bat bestea baino beranduago heltzen dalako beti. Joko horregaz egindako ipuina da.

Tximista eta trumoia

Doinua: Ostiraletan duzu

Neurria: zortziko txikia

1- Lehengoan leiho koxkan
txorrotxiogintzan
jarritako txepetxa
kontaria izan
kantatu nahi ninake
harek egin gisan
tximista ta trumoia
zer-nola dabiltzan.

2- Tximista dun beroa,
tximista hauskorra
energia askodun
ekile bizkorra
behin helburu bat jartzen
badin egoskorra
handik edo hemendik
helduko dun horra.

3- Trumoiarena ez dun
antzeko kasua
berea aldiro dun
bigarren pausua
patxarosa, pikati,
erdi setatsua
nahi ez duela ere
zalapartatsua.

4- Presio desberdinak
parekatu xede
zeru-lurrak astindu
asmoz goi ta behe
nahiz ta elkarrengana
moldatu hain trebe
izan dizkiten euren
istiluak ere.

5- Orain milaka urte
nolako estanpa
basoa guztin bete
zunan tantaz tanta
Tximistak hartu zinan
haserre galanta
Trumoi beti berandu
iristen zunan ta.

6- Ibili ordez lehen
urratsa nork eman
batera hobe zela
zitenan antzeman
baina predikziorik
gabeko sisteman
bihotzeko ugari
eman zizkitenan.

7- Ez zitenanez maite
bihotzik haustea
erabaki zitenan
ordenari eustea
aleatorioki
zerutik jaistea
batzutan lehenengo bat
bestetan bestea.

8- Jolasaren graziaz
edo ohartuta
lagunaren lekua
hartzen ausartuta
elkarlanean ditun
erabat sartuta
konfiantza eskainiz
ardurak hartuta.

9- Beraz gaurtik aurrera
ekaitza lehertzean
jarri hire etxeko
atari ertzean
ea igartzen dunan
segidan heltzean
noiz datozen haserre
ta noiz jolasean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu