Dinamartxi 2022, Ondarroako Zapato Azularen hasierea
2022-07-01 09:16 Ibilian-ibilianEz da ohiko mendi martxea, danok batera heldu behar dogu.
Ezagutzen dozu Dinamartxi? Entzun dozu nor izan zan Dina Bilbao Barruetabeña? Ondarroako Zapato Azulean izan zara noiz edo noiz? Bertara goaz, ba, oraingo honetan, Bizkaie!-tik Ondarroara!
Heldu da barriro be Tolosatik Ondarroara egin ohi dan ibilbidea, Dinamartxi izena hartzen dauena. Bizikletak eta mendiko zapatillak prest, eta Musika Plazan izena emon. Bai mendiz bai bizikletaz, proba serixuk diz, ez diz errekorrak etxeko probak, LASAI jun eta gozatu, hauxe antolatzaileen mezua eta hauxe egin genduana.
Ez da ohiko mendi martxea, ibilbidean zehar taldeak sortu arren, danok bat gara eta danok batera heldu behar dogu Ondarroako Alde Zaharrera, beraz, tarteka, zain egon gara, danok batzeko. Ez da lasterketea, omenaldia baino, dagoeneko historiaren parte bihurtua eta Zapato Azule egun ezagun eta handiaren zati ukaezina.
Dina Bilbao Barruetabeña Ondarroan jaio zan 1960an, hain zuzen be, Kamiñazpi auzoan. 1983an Tolosara joan zan bizitera, ikasketakaitik eta maitasunagaitik. Naturea eta abenturea buztartu zituan, beste herrialde batzuetako ohituren inguruko jakinminak bultzatuta mundua ezagutzera joan zan. Ganera, aitzindaria izan zan Euskal Herrian triatloiaren munduan, iraupen eskian, duatloian, txirrindularitzan eta baita piraguismoan be.
Emakumeen bardintasunean gogor jardun eban, emakumeek parte hartu ohi ez eben probetan izena emon eta gauzatzen. Emakume kirolari gazteentzat erreferente bihurtu zan, bidea zabaldu ebalako hareek be bide beretik jarraitu eien. Orbea emakumezkoen taldearen sorreran ibili zan, eta horren ondoren, triatloiari heldu eutsan. Gaur egungo Iron Man tankerakoak be egin zituan eta hainbat eta hainbat proba, bai udan bai neguan, emoitza oso onak lortuz, baina beti apaltasunez. Hainbat espedizino entzutetsu eta garrantzizko be gauzatu zituan, horreen artean, Nilo ibaia piraguan jatsi, Norvegiako iparraldeko lurmuturrera, Groenlandiako zeharkaldia, eta abar luze bat.
1997. urteko bagilean, Antigua irlan (Karibe), desagertu egin zan, bere bikotekideagaz batera. Katamaran batean Antiguara bueltan joiazala, Dinak urte bi eroiazalako bertan biziten, ekaitz batek atrapau zituala uste da, baina erreskate taldeek ezin izan zituen lagundu. Ordutik, lagunek Dinamartxi antolatu ohi dabe urtero, omenaldi lez, eta Tontorramendi mendian be badago oroigarri bat.
50-54 km inguruko ibilbide honek, oinezean eta bizikletan, Tolosatik hasi eta Ondarroara eroan gintuan, Dinaren indar eta adoreagaz batera. Alamedan oinezkoak eta txirrindulariak batu, eta danok alkarregaz zapatu eguerdiko 14:00etan ganezka egoan Ondarroako Alde Zaharrean jenteak egindako lerroan barrena aurrera egin eta txalo, giro eder eta jai artean Zapato Azuleri hasierea emon geuntsan. Aupa Ondarru!!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!