Zubererazko argitalpenak gizarteratzeko hitzarmena

Bizkaie! 2022-06-29 09:50   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak eta Sü Aziak alkarlanari ekin deutse.

Bedaxagar eta Coyos (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zuberoako euskeraz idatzitako liburu, aldizkari eta bestelakoen zerrendea luzea eta aberatsa da, baina argitalpen gehienak ez dagoz publikoak erraz eskuratzeko moduan. Horregaitik, Euskaltzaindiak eta Sü Azia alkarteak lankidetzarako hitzarmena sinatu dabe Maulen, zubererazko argitalpenak gizarteratzeko eta alkarregaz hainbat ekimen martxan jarteko.

Lehenengo aldia da Euskaltzaindiak eta Sü Aziak alkarren arteko akordioa sinatzen dabena. Ekitaldian izan da Battittu Coyos euskaltzaina eta Akademiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaria. Sü Aziaren ordezkaria Jean Mixel Bedaxagar alkarteko presidentea izan da. 1979an sortu zan Sü Azia, Zuberoaz eta zubereraz agertu edo eginik izan diran lanak batu eta ezagutarazoteko.

Maulen sinatutako hitzarmenean, asmo orokorrez gan, hiru proiektu zehatz adostu ditue:

- Allande Sokarrosen omenezko liburua argitaratzea, Allande Socarros. Euskal idazlan eta lekukotasunak izenburupean. 2021ean hil zan euskaltzain urgazle eta Zuberoako kontuen biltzaile ezaguna.

- 1887 eta 1914 urteen artean agertu ziran Zuberoako almanakaren 27 zenbakiak digitalizau eta Euskaltzaindiaren eta Sü Aziaren webgunean ipintea, Ziberoko Egünaria (1887-1914) liburuko edukietan oinarrituta.

- Junes Casenave-Harigileren 1989ko Hiztegia I Français-Eüskara Züberotar eüskalkitik berrargitaratzea eta Euskaltzaindiaren webgunean bersino digitalizatua agertzea.

Allande Sokarrosen omenezko argitalpena egitea beharrezkoa dala uste dau Bedaxagarrek. Hainbeste lan egin dau Allandek, trebea zan gai ugaritan, jakitate handia eban eta zuberera maite eban, baekian zubereraz ondo idazten, adierazo dau Maulen. Liburu honegaz, gazteek jakingo dabe non-zer ikasi, euskerea aurrera joan dadin.

Behin proiektuak zehaztuta, Battittu Coyosek lanari ekiteko momentua dala nabarmendu dau: Lehen aldiz izenpetzen dogu hitzarmen hau Sü Azia alkarteagaz, eta ikusiko da datorren urtean zer egingo dogun, baina jadanik badogu zer egin, beti Allande Sokarros gogoan izanik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu