'Espazio soinudunak' lemapean dator Bilboko Musika Bandearen 2022-23 denporaldia
2022-06-28 13:27 MusikeaIrailaren 9an hasiko da 16 kontzertuko programazinoa.
Uda ostean 2022-23 denporaldiari ekiteko prest dago Bilboko Udal Musika Bandea. José R. Pascual Vilaplana zuzendari titularrak 16 kontzertuko programazino zabala atondu dau, Espazio soinudunak lemapean, irailaren 9an hasi eta 2023ko apirilaren 28ra arte. Ganera, Orkestra Zuzendaritzako VII. Topaketak egingo ditue urtarrilean.
Leku barri eta ezezagunak ezagutzera eroan nahi dau Pascual Vilaplanak publikoa, askotariko doinuen bidez eta gomutakaz lotura sensoriala eginez. Gehiago ikasteko, gehiago izaten laguntzeko. Artea etorkizuneko tresnea izan daiteke, eta halan izan behar dau, adierazo dau zuzendari titularrak.
Espazio barrien bilaketa horretarako, Udal Musika Bandeak 60 konposizino ditu aukeratuak hurrengo denporaldirako, horreetako lau estreinaldiak: hiru erabatekoak eta beste bat Europakoa. Egitarauko hamasei programetatik hamar José R. Pascual Vilaplanak berak zuzenduko ditu. Besteetan, Mario Ortuño Gelardo, Iker Sanchez, Ligia Amadiori eta Iñaki Urkizu ibiliko dira ardura horretan.
Ohiko musikariez gan, goi mailako bakarlariak konbidauko ditu Udal Bandeak hurrengo denporaldian: Ernesto Aurignac (saxofoi altua), Toño Miguel (kontrabaxua), Ramón Prats (bateria), Diego Suárez (pianoa), Esteban Batallán (tronpetea), Alberto Urretxo (tronboia), David Abellán (bonbardinoa), Iñaki Gurruchaga (flautina), José M. Rochina (tuba) eta Carlos Cano (flautea).
Ahotsetan, Sol Antolín Herrero lehenengo kontzertuan aurkezle izango da, eta ondoren Olatz Saitua sopranoa, Carlos Mena kontratenorra, Toni Marsol baritonoa, Ainara Ortega eta Noa Lur, besteak beste, entzun ahal izango doguz. Ganera, Carmina Burana obran, urrian, Iruñeko Orfeoia izango dabe lagun.
Irailaren 9ko kontzertua Isilarazitako oroitzapenak izango da, Azkuna Zentroko Kulturen Atarian. Kontzertu gehien, baina, Euskalduna Jauregian egongo dira, hamaika. Juan Crisostomo Arriaga konserbatorioan eta Enkarnazino eleizan be egingo ditu saioak Udal Bandeak.
Bestetik, Orkestra Zuzendaritzako VII. Topaketen barruan, Bilbao Musika Zuzendaritzako Nazinoarteko Sariaren deialdia egin da. Lehiaketearen amaierako kontzertua urtarrilaren 13an izango da Juan Crisostomo Arriaga konserbatorioan. José R. Pascual Vilaplana izango da zuzendaria, eta Isabelle Ruf-Weber, nazinoarteko batutarik onenetakoa, irakasle konbidadua eta epaimahaiburua.
Irakurri 2022-23 denporaldiko egitaraua hemen (PDF).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!