Hiru egunekoa izango da XXIV. Jazzber Jaialdia
2022-06-28 09:25 MusikeaBagilaren 29an hasita, Loek van den Berg, Vicente Marin eta Filippo Deorsola etorriko dira Bermeora.
Goi mailako jazza herrira ekarteko asmoz antolatzen dau Bermeoko Udalak Jazzber Jaialdia urtero. Aurten hiru eguneko egitaraua atondu dabe, bagilaren 29tik garagarrilaren 1era, eta Kafe Antzokian izango dira kontzertuak.
XXIV. edizino honi ekiteko, Herbehereetatik datorren Loek van den Berg Quintet entzun ahal izango dabe bermeotarrek eta bisitariek bagilaren 29an (20:30). Talde hau 2019an hasi zan, eta urteotako ibilbidearen ezaugarria da Loek van der Berg liderraren konposizino melodiko eta malenkoniatsua. Aurten bertan kaleratuko dabe lehenengo diskoa, Wayfarer. Lan horretan, Europa eta Asiako kontzertuetan ezagutu dituen paisaje musikalak batu ditue.
Hurrengo egunean, hilaren 30ean, Vicente Marin Trioren txandea izango da, hori be 20:30ean. Inprobisazinotik harago doan proiektua da hau, melodiakaz, egiturakaz eta abesti-zerrendakaz olgetan dabelako musikariek. Beti formatu akustikoan, jazzaren, musika klasikoaren eta flamenkoaren eragina dau hirukotearen errepertorioak, melodia kantagarriz beteta.
Azkenik, garagarrilaren 1ean, Filippo Deorsola Group egongo da Bermeon. Italia, Herbehereak eta Belgikako hiru musikari batzen dira hor, piano, kontrabaxu eta bateria joleak hurranez hurran. Inprobisazinoan eta disziplina ugaritako kontzeptu filosofiko eta estetikoen ikerketan oinarritutako estiloa lantzen dabe.
Jazzber erreferentzia da gure eskualdean, izan be, Busturialdean egiten dan jazzaldi bakarra da, adierazo dau Alazne Zumeta zinegotziak. Aurten, Getxoko Jazzaldian parte hartuko daben talde bi etorriko dirala nabarmendu dau: Filippo Deorsola Group eta Loek van den Berg Quintet. Taldeok jaialdiak dauen maila bikaina erakusten dabe, zalantza barik. Udea jazz musikeaz gozetako aukera parebakoa da eta bermeotarrak eta ingurukoak hona etortera gonbidatzen doguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!