'Bakarra munduan' eta 'ASPARBI bilbotarrak' dira bilbainadarik onenak

Bizkaie! 2022-06-24 13:24   Musikea

Lehiaketearen XXXIV. edizinora 19 lan aurkeztu dira.

Bilbainadak parkeko pergolan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak eta Radio Nervión irratiak antolatutako XXXIV. Bilbainada Lehiaketeak irabazle bi ditu, bata euskeraz eta bestea gaztelaniaz. Aintzane Arzamendi Morenok eta Juan Carlos Arzamendi Fernándezek sortutako Bakarra munduan izan da euskerazko modalidadeko irabazlea; gaztelaniazkoan, Iñaki González Bilbaoren ASPARBI bilbotarrak.

Bigarren honek badau berezitasun bat, izan be, ASPARBI alkarteagaz lankidetzan sortutako kantua da, bilbainaden bidez bertan egiten daben lana gizarteratzeko. Bizkaiko parkinson gaixoen alkartea da ASPARBI.

Irabazle bietako bakotxari 955 euro eta trofeoa emongo deutsez, abuztuan, Aste Nagusiko barikuan Bilboko Casilda Iturrizar parkeko pergolan egingo dan ekitaldian. Abenduan, ganera, lehiaketako bilbainada irabazleen diskoa aurkeztuko dabe Arriaga Antzokian, Udalak aurreratu dauenez.

Aurtengo bilbainada lehiaketara 19 konposizino aurkeztu dira. Horreetako zortziri, 420na euroko akzesitak emon deutsez, hauxe zerrendea:

- Egunon Bilbao, konpositoreak: Jacinto Oñate Iseñ eta Agustín Ferrero Fernández.

- Bilbao, konpositorea: Roberto Gutiérrez de Rozas Cadiñanos.

- Bilbao alma grande, konpositoreak: Agustín Ferrero Fernández eta Eduardo Robles García.

- ¡Qué gran semana!, konpositorea: Juan Carlos Guerrero Tudea.

- Festak gozatzen, konpositorea: José María Larrazabal.

- Santo Tomás egunean, konpositoreak: Mikel Aginagalde, Ekaitz Aranberri eta Asier Kortabarria.

- Zubilbao, konpositorea: Juan Carlos Auzamendi Fernández.

- Petiso, konpositorea: Miguel Ángel Gómez Urtiaga.

Era berean, edizino honetan ohorezko sari bi emon ditue. Bata, José María Larrazabalentzat da, bilbainadak sortzen eta bultzatzen egin dauen lan bikainagaitik; bestea, Agurtzane Bilbaorentzat, irratian bilbainadak sustatzen egin dauen ahaleginagaitik.

XXXIV. Bilbainada Lehiaketako epaimahaikideak honako honeek izan dira: Gonzalo Olabarria (Bilboko Kultura eta Gobernantza zinegotzia), Ana Madariaga (Bilbao Musikako zuzendaria), Amagoia Loroño (Akordeoi Orkestrako zuzendaria), Iñaki Uranga (musikaria) eta Enrique Campos (TeleBilbaoko zuzendaria).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu