Mendizorrotzara bueltauko da 45. Gasteizko Jazzaldia

Bizkaie! 2022-06-24 10:24   Musikea

Garagarrilaren 12tik 17ra da hitzordua.

Antolatzaile eta babesleak, jaialdiaren aurkezpenean (argazkia: Vital Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zaleak trankil egon leitekez, Gasteizko Jazz Jaialdiak beti-betiko agertokia berreskuratuko dauelako aurtengo edizinoan, Mendizorrotza kiroldegikoa. Principal Antzokian eta uriko kaleetan be emonaldiak egongo dirala aurreratu dabe 45. edizinoaren aurkezpenean. Garagarrilaren 12tik 17ra, beraz, jazz doinuek barriro beteko dabe Arabako uriburua, munduko artistarik ospetsuenen, bertoko musikarien zein talentudun gazteen eskutik.

Mendizorrotzan izango dira, hain zuzen be, egitarauko kontzerturik aitagarrienak. Eliane Elias brasildarrak, esate baterako, igaz hildako Chick Corea handia gogora ekarriko dau Gasteizen, haregaz grabautako Mirror mirror diskoko piezen bidez. Jazz latinoko diskorik onenaren Grammy Saria irabazi dau lan horrek.

Arturo Sandoval be Mendizorrotzan izango da. Honek be badaki zer dan Grammyak irabaztea, hamar ditu guztira. Agertoki nagusiko beste izen batzuk dira Robert Glasper eta Snarky Puppy. Azken hau talde zabal bat da, 25 bat musikarik hartzen dabe parte txandaka. Jaialdiaren azken egunerako itxi dabe Kase O raperoaren emonaldia.

Europako jazzari egindako lekuan, Britainia Handitik datorren Theon Cross aitatzekoa da, haren proposamen barritzaileakaitik. Yazz Ahmed be Britainia Handitik dator. Xavi Torres eta haren hirukotea, ostera, Kataluniakoak dira.

Principal Antzokiko oholtzan jazz barritzaileena erakutsiko dabe, arratsalderoko saioen bidez. Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestreak zabalduko dau zikloa, eta ondoren etorriko dira Yessaï Karapetian, Marcin Masecki-Jerzy Rogiewicz bikotea, James Brandon Lewis eta Kassa Overall.

Udako eguraldia lagun bada, aire zabalean be musikeaz gozau ahal izango dabe gasteiztarrek eta bisitariek. Pradoko parkean dobako kontzertuak egongo dira, besteak beste, Travellin’ Brothers bizkaitarrena. Iruña Jazz Brass Band kalerik kale ibiliko da. 

Jarduera osogarrien artean, Vital Fundazinoaren erakuslekuan Javier de la Torreren erakusketea ipiniko dabe. Mosaikoen bidez, jazzeko artistak agertzen ditu. Jazzinema zikloan, ostera, jazzagaz loturea daben pelikulak ikusi ahal izango dira, Artium Museoan, garagarrileko eguen guztietan.

Gasteizko Jazz Jaialdiko sarrerak erosteko hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu